EBBren Adierazpena 2020ko Aberri Egunari begira

EAJ/PNVren EBB

Salbuespen egoera batean murgilduta, inguruabar tragiko eta mingarriek inguratuta ospatuko dugu lehen Aberri Egunaren 88. urteurrena. Zazpi Euskal Herrialdeetan gaude bakoitza gure etxean sartuta, hainbat pertsona hil dira koronabirusaren eraginez, pandemia honetan milaka pertsona daude ospitaleratuta eta dozenaka mila lanpostu arriskutan, gure herriko egitura ekonomikoak gogor kolpatzen ari den osasun- krisi baten ondorioz. Horren egoera konplexuan, Aberri Egunaren aurrean gure Alderdiaren lehen begiradak jendearentzat izan behar du, gaur egun gaixotasunaren ondorioz sufritzen ari diren euskal emakume eta gizonentzat, lana galtzeko beldur direnentzat edo beren bizitza leiho eta balkoietatik baldintzatuta ikusten dutenentzat. Eta ezbehar guztiak gorabehera, gure gizartean itxaropena eta konfiantza proiektatzeko begirada izan behar du, itxaropena gure Aberrian eta bere etorkizunean. Itxaropena eta lan nekaezina gauden egoera honetatik ateratzeko. Horixe da asteotan gaixotasun hilgarri horrek jo dituen emakume eta gizon guztiak omentzeko daukagun onena. Beraiek ezin izango dute gurekin Euskal Aberriaren Egun Handia ospatu. Beren senideek penaz egingo dute, galerak eragiten dien tristura handiarekin. Bihotz- bihotzez, gure doluminik sentikorrena denentzat. Eta beraiekin guztiekin partekatzen dugun min horrekin, hitza ematen diegu gogoan izango ditugula. Gogoan izango ditugu daukagun onena emateko, gaixotasunari aurre egiteko, egoera gainditzeko eta albait arinen normaltasuna berreskuratzeko.

Aberri Egunaren historia hurbiletik aztertzen badugu, bere 88 ospakizunetatik, ia erdiak baldintza berezietan ospatu behar izan dira. Hiru urte gerra baten erdian, berrogei gehiago diktaduran, klandestinitatean eta erbestean. Baina, zailtasun eta oztopo guztien gainetik, beti ospatu eta aldarrikatu dugu “Euskotarren Aberria Euskadi da”. Esaldi soil bat da, baina bere baitan gordetzen ditu Herri batek aske izateko daukan nahia eta helburu hori betetzera begira berak aukeratutako erakundeez eta legeez hornitzeko eskubidea. Aurten, koronabirusa eta horren ondorio gaiztoak gorabehera, abertzaleok ere gure eguna ospatu eta Euskal Aberria aldarrikatu behar dugu. Ospakizun bat eta aldarrikapen bat, osasun neurriek etxeko eta familien intimitatean egitera behartuko gaituena, baina euskal lurzoruan egingo dugu, Herri hau antzina-antzinatik hartu duen lurraldean, datozen mendeetan ere hartzen jarraituko duelarik.

Uste osoa daukagu Herri honen etorkizunean, euskal gizarteak edozein erronkari aurre egiteko daukan indar, kemen eta gogoan. Bide hori egiteko gaitasuna duten erakundeak ditugu, urratsez urrats Euskadi aske eta burujabea eraikitzera eramango gaituztenak. Gure motorea, ideologia abertzaletik harago, euskal gizartearen desioa eta erabakia direlako. Gure motorea da eta gure lehentasuna izan behar du. Euskal herritarrak zaintzea eta babestea da gaur egun Euzko Alderdi Jeltzalearen lehentasun nagusia, Herri honetako erakunde guztietan ordezkatzen gaituzten emakume eta gizon guztiena. Gure herrikideak zaintzea eta babestea da gaur egun Aberrigintza egiteko modurik onena. Gure Herriaren etorkizuna bermatzeko erarik zuzenena. Osasun eta ekonomia aldetik bizi dugun makalaldi honetatik ateratzea da, beraz, gure premiarik handiena. Helburu horrekin hitzemanda gaude, eta lan horri ekingo diogu buru belarri hurrengo hilabeteotan.

Gaur egun osasun arloko milaka eta milaka profesional, esparru sozio-sanitarioko langileak, oinarrizko zerbitzuetako eta segurtasuneko langileak egiten ari diren bezala, denak ari dira koronabirusaren aurkako borroka honetan. Gure abertzaletasuna, euskal nazio-kidetasun sentimendu eta ideologia hau partekatu ala ez, gure begietara denak dira abertzale eredugarriak, hori baita abertzaletasunik onena: gure gaitasun guztiak eskaintzea Herri honen eta bertako kide bakoitzaren onerako. Gure esker onik zintzoena, gure omenaldirik hunkituena haientzat. Ez dugu sekula ahaztuko egun eta aste latz hauetan egiten ari diren lan zoragarri eta ederra. Halaber, gure esker onik zintzoena euskal erakunde guztiei, Eusko Jaurlaritza buru dela, Aldundiei eta Udalei. Koronabirusaren krisiak proban jarri du, proba gogorrean, horien guztien gaitasuna, eta, egoera konplexua izan arren, egiaztatzen ari gara esku onetan gaudela, gure erakundeek funtzionatzen dutela eta gure herri ordezkariak erantzukizun handiz ari direla beren eginkizunak betetzen.

Osasun krisi hau egun batean amaituko da, hainbat giza bizitza bidean galdu ondoren. Baina hori amaitutakoan egoera sozial eta ekonomiko latzari aurre egin beharko diogu, eta egoera horrek gu guztioi ere eskatuko digu abertzaletasuna eta ahalegina. Herri- plan erraldoi bat jarri beharko dugu abian, krisi honek familietan, enpleguan eta enpresen jardueran dituen ondorio izugarriak arintzeko. Gaur, adierazpen honetan gogoratu behar ditugu beren negozioak itxi behar izan dituzten pertsonak, beren lanbideak desagertuta ikusi dituzten milaka eta milaka langile autonomoak. Baita langabezian geratu diren milaka langileak edo ERTE baten mende geratu direnak ere. Milaka eta milaka herrikide dira orain beren egoerarekin eta enpleguarekin zer gertatuko ote den galdetzen ari direnak. Guri dagokigu erantzun itxaropentsu eta fidagarria ematea. Beste batzuetan bezala, oraingoan ere jakingo dugu elkarrekin ateratzen orain gaindiezina dirudien baina, zalantzarik gabe, gaindituko dugun egoera batetik. Lanean jarri gara dagoeneko.

Aberri Egunaren historiak argi erakusten du Euskadik bere askatasun nazionala lortzeko egin behar izan duen bidea ez dela sekula bide erraza izan. Orain ere ez. Baina beti jakin izan dugu une latzak gainditzen, eta inoiz ez dugu gure adorea galdu, ez dugu sekula lurra jo. Guztiz alderantziz, ezbeharrek akuilu gisa balio izan digute, aurrera egiteko akuilu gisa. Hori da gaur gizarte gisa bultzatu behar gaituen espiritua. Hemendik aterako gara, jakina aterako garela! Eta gizarte gisa indartuta ateratzea lortu behar dugu. Gu eta gure erakundeak. Pandemia globala da, osasun, gizarte eta ekonomia arloko ondorioak globalak dira, baina zoritxarrez gaur egungo mundu hau ez da gai erantzun globalak emateko, Europa ere ez da horretarako gai izaten ari. Horregatik guztiagatik, beharrezkoak dira tokian tokiko erantzunak, oinak lur gainean sendo jarrita eta inguratzen gaituen errealitatea ondo ezagututa. Horregatik, gaur eta hemen aldarrikatu nahi dugu euskal erakundeek gaitasun osoa izan behar dutela aurrean dugun lan handia egiteko beharko diren tresna eta eskumen guztiak beren eskuetan izan ditzaten. Beste guztiekin elkarlanean, koordinatuta eta lan solidarioa eginez, jakina, baina erakundeen arteko errespetuarekin eta leialtasunarekin. Horixe izango da etorkizunera begira izango dugun helburu garrantzitsu bat. Duela berrogei urte Euskadiko erakundeak sortzeko hasi zen prozesuak erabakitasunez jarraitu behar du. Globalizazioz eta nazioz gaindiko prozesuz betetako aro berri hau birus hilgarriak esportatzeraino iritsi da, eta argi eta garbi erakutsi behar digu Euskal Herriak inguruko Nazioek dituzten aukera eta gaitasun berberak izan behar dituela. Hori da gure Alderdiak datozen garaiotarako izango duen helburu nagusia: Euskadirentzat ahalik eta autogobernu mailarik handiena eta euskal herritarrentzat erabakitzeko gaitasun mailarik handiena lortzea, herri hau bere etorkizunaren jabe izan dadin.

Askatasun eguzkia basotik irten da. Askatasunaren eguzki horrek, eguzki sendagarri horrek laster berotuko ditu euskal herritarren gorputzak eta kontzientziak. Egunotan bizi ditugun egunak egunsentia baino lehenagoko orduak bezalakoak dira, itzal eta laino beltzez betetako momentuak dira. Baina laster iritsiko dira argitasuna eta eguzki- printzak, eta iluntasuna eta lainoak desagerraraziko ditu. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar-Euzkadiko abertzale guzti-guztiak, mundu zabalean banatuta dauden abertzale guztiak, munduko Euskal Etxeen inguruko abertzale guztiak deitzen ditugu gure Aberri Eguna ospatzera. Gaur, gure etxeetatik eta balkoietatik, gure Ikurrinekin, eta etorkizun hurbilean Herri honetako kale eta herrietatik, harrotasun handiz aldarrika dezagun abertzaleak garela, Euskal Aberria dela gure aberria, gure etxea, Euskadi aske eta osasuntsua, bakean bizi dena.

Gora Euskadi Askatuta!!!

2020ko apirilaren 8an

Andoni Ortuzarren Aberri Eguneko Mezua

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.