ELA :: Pentsioen erreformak murrizketa gehiago ezartzen ditu erretiro aurreratuetan eta ordainsarien kalkuluan

ELA sindikatua

CCOO, UGT, CEOE, Cepyme eta Espainiako Gobernuak pentsioen arloan lortutako akordioaren harira, ELA murrizketa gehiago ekarriko dituelakoan da.

Zehazki honako hau adierazi nahi du:

1. Iragarritako pentsioen erreformak murrizketa gehiago ekarriko ditu. Pedro Sánchezen Gobernuak Europako Batzordeari aurkeztutako agirietan jasotzen denez, bi fase izango dituen erreforma proposatzen da. Lehenengo fasean, erretiro aurreratuan murrizketa garrantzitsuak onartu nahi dituzte urte amaierarako. Bigarrenean, pentsio berrietan murrizketak iragarri dira datorren urterako (adibidez, pentsioak kalkulatzeko kontuan hartzen den kotizazio-aldia 35 urtera igoko da, edo jasangarritasun-faktore berria onartuko da, hots, pentsio berrien zenbatekoa automatikoki beherantz doituko dira).

2. Erreforma honek ez die inolaz ere erantzuten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak eta Pentsiodunen Mugimenduak iaz urtarrilaren 30eko greba orokorrean planteatutako eskaerei. Pentsioak KPIaren arabera eguneratzea besterik ez da jasotzen, eta ez da aldaketarik egin gutxieneko pentsioen zenbatekoan. Gainera, ez da indargabetu erretiro-adina 67 urtera atzeratzeko erabakia, eta aurreko erreformetan pentsioen zenbatekoan edo erretiro aurreratuan onartutako murrizketek bere horretan jarraitzen dute.

ELAk balorazio zehatzagoa egingo du adostutako testuak zehaztasunez ezagutzean, baina jada salatu nahi du erreformaren benetako helburua ezkutatzeko desinformazio- eta propaganda-kanpaina baten aurrean gaudela. Erreformaren helburua murrizketa berriak onartzea eta etorkizuneko pentsioak gutxitzea baino ez baita, gutxieneko pentsio duinak bermatu gabe.

Azkenik, ELAk uste du mobilizazioa dela pentsioen erreforma baldintzatzeko bide bakarra. Horregatik, lortutako akordioak gizartea desmobilizatzeko helburua izanagatik ere, ELAk mobilizazioak sustatzen jarraituko du, iazko urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deia egin genuenon eskutik.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude