ELA :: Elkartasuna eta gizarte-balioei lotutako nazioa

ELA

Nazio bat garelako, beste urte batez aldarrikatzen dugu gure orainaren jabe izateko eta herri gisa nahi dugun etorkizuna adierazteko eskubidea. Badakigu interdependenteak garela, jakina, baina ez diogu uko egiten subiranoak izateari, gu geu izateari eta gure oraina eta etorkizuna bermatuko duten estatu-tresnak edukitzeari.

Egoera pandemikoak agerian utzi du interdependentzia hori. Irtenbide globalak eskatzen dituzten erronka eta arazo globalei aurre egin behar diegu, klima-aldaketaren kasuan bezala. Baina krisi-egoera horrek agerian uzten du, halaber, gure subiranotasun eza, eta, aldi berean, nazio eta klase gisa dugun benetako pultsua.

Egunotan, “Europako funtsak” deituak izan diren mekanismoak onartzearen ondorioz gure herriak jasango duen mehatxuez ohartarazten ari da ELA, euskal arku politiko osoa modu akritikoan bereganatzen ari baita mekanismo horiek. Guretzat, azken urteetako austeritate aginduetako batzuk aldi baterako bertan behera uzteak ez du esan nahi, ezta gutxiagorik ere, EBren paradigma aldaketa bat eman denik. Europar Batasunak berak oso garbi hitz egin du funts horiei lotutako baldintzei buruz, bai eta austeritatearen bidetik jarraituko dela ere, beharrezkotzat jotzen denean. Horregatik, Konstituzio Itunari eman genion ezezkoarekin bat etorrita, euskal alderdiei eskatzen diegu funts horien inguruan duten jarrera berrikus dezaten, gure eta hurrengo belaunaldien etorkizuna gogor baldintzatuko baitute. Beharrezkoa da Batasunak eskatzen duen menpekotasun politikari alternatibak eraikitzen hastea.

Funts horiek pentsioen eta lan-erreformaren inguruko eztabaida baldintzatzen ari dira. Gobernuak memorandum bat aurkeztu behar du apirilaren amaierarako, diru horiek eskuratu ahal izateko egin behar dituen erreformak azaltzeko. Eta hurrengo urteetan ere hainbat baldintza bete beharko ditu. ELAk austeritate programari aurre egiteko eskatu die euskal alderdiei; pentsioen murrizketa ez legitimatzeko eta lan erreforma bertan behera uztea exigitzeko eskatu die. Halaber, Espainiako gobernuaren balizko ezezkoak ondorioak izan beharko lituzke.

Gogorarazi nahi dugu lan erreforma honetan ez dagoela jokoan soilik estatuko langile guztien lan baldintzak; kolokan dago, halaber, euskal sindikalismoak duen gaitasuna ordezkaritzaren gehiengoa eman dieten langileak ordezkatzeko. Ildo horretan, ez da koherentea erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea eta beste alde batera begiratzea hauteskunde sindikaletan adierazitako langileen adierazpen demokratikoa negoziazio kolektiboaren estatalizazioa delakoarekin bortxatzen denean.

ELAk deitoratu du Euskal Herrian ez dela erabilera egokia eta nahikoa egiten ari dauzkagun estatu-tresna nagusiekin, Kontzertu Ekonomikoaren eta Hitzarmen Ekonomikoaren kasuan bezala. Postulatu neoliberalen onarpen akritikoak bat egiten du, egoera honetan, gure autonomia fiskalak eskaintzen dituen aukeren gutxiespenarekin. Harrigarria da funts baldintzatuei eta zorra emititzeari lehentasuna ematea, eta, aldi berean, zerga tresnak nahikoak ez direla esatea. Are okerragoa da arrazoibide hori euskal alderdi ezkertiarrek modu akritikoan onartzea.

Gure herriko eragile politiko nagusiekin ditugun ezberdintasun sakon horiek ez dira oztopo Aberri Eguna bezalako jai batek eskatzen duen keinu partekatuarekin bat egiteko. Zentzu horretan, gure egiten dugu Euskal Herria Baterak abian jarritako ekimena. Baina, keinu horrekin bat etorriz, ez diogu uko egiten abertzaletasunaren kontzepzio jakin bati, beste eragile batzuek bezain legitimoa dena, eta ELA bezalako sindikatu batentzat berdintasunari, elkartasunari eta gizarte-balioei lotuta egon behar duena. Horregatik, egun honetan borrokatzen ari diren emakume eta gizon guztiak aldarrikatu nahi ditugu: enpleguaren, eskubide sozioekonomikoen, zainketen, arlo publikoaren, kulturaren, hizkuntzaren eta askatasunen defentsan ari direnak alegia. Horiek dira, egunerokotasunean, nahi dugun nazio erabat subiranoa eraikitzeko nahi eta ditugun balioak haragitzen ari direnak hain zuzen.

Gora Euskal Herria askatuta!

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude