Oraindik ere argazkiak erakutsi edo ongietorriak egin behar izatea bera da elkarbizitzaren aurka doana

Sortu

Ongietorrien inguruko polemikaren ostean, eta uda guztietan gertatu ohi den bezala, Espainia sakonak probokazio estrategiari ekin dio berriz ere, presoen argazkien kontrako gerra mediatiko eta judizialaren bidez. Bilboko Aste Nagusia hasi bezain laster, Ertzaintzak Bilboko preso politikoen argazkiak kendu ditu Txori Barroteren txosnatik. Espainiako Auzitegi Nazionalak eman du agindua, euskal presoen argazkiak erakustea “biktimekiko umiliazio” delitua izan daitekeela argudiatuz. Alejandro Abascal guardiako epaileak aintzat hartu du Dignidad y Justicia elkarteak egindako eskaera, nahiz eta Espainiako Auzitegi Nazionalak berak hainbat epairen bidez ebatzia duen presoen argazkiak erakustea ez dela ez apologia delitua ez biktimekiko umiliazio delitua eta espetxeratuen eskubideak aldarrikatzeko edo urrunketaren nahiz sakabanaketaren kontrako kritika politikoa egiteko era bat izan daitekeela. Orain dela gutxi eman du horrelako azken epaia, Korrika Iruñerritik igarotzean presoen argazkiak ateratzeagatik hainbat lagunen kontra jarritako salaketaren harira.

Hala ere, bakearen eta elkarbizitzaren kontra dauden sektore immobilistek elikatutako “udako suge” honetan, kezkagarriena ez da hori izan, baizik eta Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak Bizkaiko egunkari bati emandako elkarrizketan esan dituen zentzugabekeriak. Gorrotoa eremuz aldatuz, hara non esan duen berak gorrotoa ikusten duela ongietorrietan eta, horren ondorioz, epe ertainera “terrorismoa berpizteko arriskua” dagoela. Nonbait, jarduneko gobernuaren ordezkariak bere alderdiak etorkizunean hartuko dituen zenbait erabaki makur iragarri nahi izan ditu. Azken ongietorriak eta eskuinaren komunikabideek nahiz irtenbide ororen kontra dauden biktima elkarterik mendekarienek auspotu eta puztu duten polemika baliatu du errelato alderdikoi bat finkatzeko, mehatxu egiteko eta espetxe politikaren norabide aldaketan atzera egingo dutela iradokitzeko, norabide aldaketa hori oraindik hasi ez den arren. Jarrera immobilistak eta iraganera itzultzeko joera ezker abertzaleari leporatu nahirik, bere alderdiak hala iraganean nola gaur egun “normalizazio politikoaren” kontra sustatutako azpijoko guztiak ezkutatu nahi ditu eta, etorkizunean ere biolentziaren monopolioa edukitzeari uko egin gabe, iragartzen ari da espetxe politikari dagokionez ez dela egongo inolako politika aurrerakoirik edo aldaketa sakonik. 

“Trifatxitoak probokazioaren estrategia planteatzen badu, elkarbizitzaren izenean ezin da haren agendaren segidismorik egin eta, are gutxiago, suari gasolina bota ETAren biolentziaren itzuleraren inguruko gogoeta arduragabeak eginez”

Arlo guztietatik esaten ari da ezinezkoa dela bide penaletik erantzutea espetxetik irteten diren presoen harrera ekitaldiei. Beraz, zergatik elikatzen da artifizialki eta mediatikoki biktimekiko umiliazioaren afera ongietorrien helburua hori ez dela jakin arren? Zergatik bilatzen dira etengabe bide berriak errepresioaren, debekuen eta zigorren arloan? Zergatik erabili nahi dira legeak iraganerako eta ez etorkizunerako? Zergatik egiten da horrenbeste mehatxu hitz-erdika nahiz ozenki? Trifatxitoak probokazioaren estrategia planteatzen badu, elkarbizitzaren izenean ezin da haren agendaren segidismorik egin eta, are gutxiago, suari gasolina bota ETAren biolentziaren itzuleraren inguruko gogoeta arduragabeak eginez. 

“Elkarbizitzaren aurka doana da oraindik ere argazkiak erakutsi edo ongietorriak egin behar izatea gatazkaren ondorioak (presoen afera, besteak beste) oraindik konpondu ez direlako, borroka armatua orain dela 8 urte bukatu zen arren”

Ezker abertzalea beti ahalegindu da bakea bilatzen eta sendotzen, elkarbizitza berreskuratzen eta arazoen muinari heltzen. Euskal presoek oso-osorik betetzen dute ezarri dieten zigorra, eta, gainera, haietako askori bidegabeki luzatzen diete espetxealdia, legea bihurrituz. Elkarbizitzaren aurka doana ez da haien argazkiak erakustea edo espetxetik irteten direnean harrera egitea. Elkarbizitzaren aurka doana da oraindik ere argazkiak erakutsi edo ongietorriak egin behar izatea gatazkaren ondorioak (presoen afera, besteak beste) oraindik konpondu ez direlako, borroka armatua orain dela 8 urte bukatu zen arren. Konponbide integralari uko egin edo bizkarra eman diotenak ezin dira orain izan etikaren banderadun.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.