Osasun sailburuari gutuna

Markel Brouard, Javier Salazar, Lidia Barcena, Nekane Berriotxoa eta Maddi Arrieta I

Osasungintza publikoaren aldeko taldeetako kideak

Egindako adierazpenek garra piztu dute: osasungintza publikoak bestelako norabide bat behar du, urgentziaz.

Ez, Gotzone: Lehen Arretaren aurka egindako adierazpenak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztul. Jakina da Eusko Jaurlaritzak osasun publikoko sistema desegiteari aspaldi ekin ziola, Lehen Arreta jopuntuaren erdian kokatuz. Erreleboen egoeraren inguruko analisi interesatuetan oinarritu, urteetan BAME mediku plaza gehiagoren beharrei muzin egin eta Lehen Arretako langileen lan baldintzak okertuz joan ondoren, Osakidetzan zerbitzuen murrizketak azeleratu izana justifikatzeko erabiltzen ari zarete zuek sortutako mediku falta. Honela, gizartearen osasun beharrei erantzuteko zerbitzu publikoen hutsunea beteko duten osasun aseguru pribatuen erabileraren «kultura» sortu duzue: kapitalaren kultura eta ez bizitzarena.

Orain osasun arretaren eskasiari kultura auzi gisa heldu behar diogula esatera ausartu zarete. Osasunerako eskubidea, guztiona eta doakoa izatearen bermea jendartearen ohitura kontu soila balitz bezala. Erabaki politikoen pisua arindu eta herritarron jokabide eta ohituren gain ardura jartzea halako jarrera doilorrik ez dugu aspaldian ikusi. Oinarrizko eskubideen bermearen eginkizunari, babes sozialeko, osasun eta zaintza sistema publikoa izateari uko egiten dioten politika «publikoek» izen bakarra dute: pribatizatzaileak.

Horrela soilik uler baitaitezke pasa den urteko uda osteko 4.000 kaleratzeak, etengabeko arretaguneen itxierak, kirofanoak mugitzea, ospitaleko larrialdi zerbitzuen itxiera, kirurgia zerbitzuak murriztea edo berriki ezagutu dugun Mutualiak historia klinikoetara sarbidea izateko ituna. Hori gutxi balitz bezala, itolarrian utzi duzue osasun sistemak beharko lukeen zuhaitzaren enborra eta sustraiak, Lehen Arreta, alegia. Irisgarritasuna kilometroetara urrundu, hizkuntza eskubideei muzin egin eta frogatua dagoen erizain zein medikuen jarraitutasunak eragiten duen osasunaren onura ukatu dizkiguzue.

Entzungor egin diezue milaka euskal herritarrek Lehen Arretara baliabide gehiago bideratzeko eskatuz sinatu eta erregistratutako erreklamazioei. Zumarragan, Erandion, Araian, Irunen, Tolosan, Zornotzan, Txorierrin, Donostian, Algortan, Elgoibarren, Bilbon, Gasteizen… Herritarren osasuna hobetzeko Lehen Arreta indartzea beharrezkoa dela deritzogu, bai aurrekontuen ehunekoa handituz bai pribatizazioa ahalbidetzen duten legeak bertan behera utziz.

«Etorkizuneko erronka» bestelako kultura bat eraikitzean datza, jakina. Bestelako kultura politikoa non Osasun sailburuak, Sailak, Gobernuak eta agintariek herritarren osasun behar eta interesen arabera jokatuko duten, eta ez aseguru pribatuen interes ekonomikoen arabera.

Egindako adierazpenek garra piztu dute: osasungintza publikoak bestelako norabide bat behar du, urgentziaz. Eta guri osasungintza publiko, doako, unibertsal, kalitatezko eta euskaldunaren defentsa egitea dagokigu. Herriz herri deitutako mobilizazioetan zein 26an sindikatuek Bilbon deitutako manifestazioan parte har dezagun.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude