Sindikalismo eraldatzailearen adierazpen bateratua lan-erreformaren proposamenaren aurka

ELA, LAB, ESK, Steilas eta estatuko beste nazioetako sindikatu eraldatzaileak

Komunikatu hau sinatu dugun sindikatuok ez dugu onartzen Espainiako Estatuko Gobernuaren lan-erreformaren proposamena. Beste behin ere, erreforma indargabetzeko hartutako konpromisoa ez da bete, herritarrei egindako beste promesa batzuekin gertatu den bezala.

Izan ere, Gobernuaren, UGT eta CCOO sindikatuen eta CEOE patronalaren arteko akordioak ez du Rajoyren 2012ko lan-erreforma indargabetzen, ezta Zapateroren Gobernuaren 2010eko lan-erreforma ere. Gobernuaren helburua patronala akordiora erakartzea izan da, eta horrek beto-eskubidea eman dio azken honi. Era berean, sindikatu sinatzaileen presio- eta mobilizazio-faltak patronalaren interesen neurrira egindako lan-erreforma ekarri du.

Bereziki azpimarratu nahi dugu lan-erreformarako proposamen honek ez duela aurreikusten 2010eko eta 2012ko lan-erreformek ezarritako negoziazio kolektiboaren estatalizazioa zuzentzeko neurririk; beraz, gure lurraldeetan adostutako sektoreko hitzarmenek Estatuko hitzarmenen mende jarraituko dute. Estatuko negoziazio-esparrua ez da inoiz hain borrokalaria izan, eta erreforma horrek esparru hori lehenetsiko du, lurraldeetako borroka sindikalak arintzeko ahalegina baita.

Aldi berean, oso larria iruditzen zaigu lan-erreformaren proposamenak ez aldatzea 2012ko lan-erreformak kaleratzeen arloan ezarritako araudia. Azken urte hauetan ikusi dugun bezala, patronalak erreforma hau erabili du langileak alde bakarrez kaleratzeko, inolako bermerik eta defentsarik gabe. Beraz, lan munduaren prekarizaziorako betiko erreforma da hori, patronalak beti izango baitu kaleratzearen arma langileei presioa egiteko

Garrantzitsua da gogoraraztea lan-erreformaren proposamena bat datorrela Bruselaren eskakizunekin eta Europako Funtsak jaso ahal izateko haren xantaiekin. Bere egunean salatu genuen bezala, Europako Funtsen helburua ez da COVID-19ak sortutako krisiaren ondorioz langileek eta herritarrek dituzten beharrei erantzutea; funts horiek korporazio handientzako laguntza ekonomikoak baino ez dira, euren egitura-aldaketei aurre egiteko diru partidak, hain zuzen ere, lan-erreforma honek erakutsi duen bezala.

Lan-erreforma ez indargabetzeak eta Estatuko Gobernuak bere promesak etengabe ez betetzeak agerian uzten ditu Elkarrizketa Sozialaren eta Estatuaren esparru politikoaren mugak. Estatuko gobernu aurrerakoienak ez badu lan-erreforma indargabetzeko gaitasunik, ez eta langile-klasearen eta herri-klasearen onurarako politikak egiteko gaitasunik ere, argi geratzen da herrien erabakitzeko eskubidea dela eredua aldatzeko bide bakarra, baita Estatuko langileentzat ere. Herriek modu aske eta demokratikoan euren etorkizuna erabakitzea da bide bakarra.

Sinatzaileak: Confederación Intersindical Galega, Central Unitaria de Traballadoras de Galiza, Colectivo Unitario de Trabajadoras y Trabajadores Aragón, Corriente Sindical d’izquierdas Asturies, ELA Euskal Sindikatua, ESK Euskal Herria, Coordinadora Obrera Sindical Països Catalans, Intersindical Alternativa de Catalunya, Intersindical Canaria, Intersindical de Catalunya, Intersindical Valenciana, LAB Sindikatua Euskal Herria, Sindicato Andaluz de Trabajadores y Trabajadoras, Sendicato d’os Treballadors e Treballadoras d’Aragon-Sindicato Obrero Aragones, STEI Balears.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.