Arkaitz Correa leioaztarrak Thieme Chemistry Award 2020 saria jaso du

Thieme Chemistry Journal Award 2020 sariak kimika organikoaren esparruan mundu mailako sona hartzen hasi diren ikerlarientzako aitortza dira

Thieme argitaletxe alemaniarrak Thieme Chemistry Journal Award 2020 saria eman die Arkaitz Correari eta Uxue Uría, UPV/EHUko kimika arloko irakasle eta ikerlariei. Kimika organikoaren esparruan mundu mailako sona hartzen hasi diren eta irakaskuntza ibilbidearen hasieran dauden ikerlariei urtero ematen zaien saria da.

«Harro egoteko modukoa da saria, eta egindako lanaren ordaina. Ikerkuntza iraupen lasterketa bat da, beraz, horrelako sariak are gogo handiagoarekin aurrera egiteko bultzada dira. Aitortza horrekin, zalantzarik gabe, nire taldearen ikerketa lanaren nazioarteko ikusgarritasuna handituko da», nabarmendu du Correak.

Sariaren helburua da kimikari organikoen belaunaldi berriarentzako aitortza eta pizgarri profesional bihurtzea. SYNTHESIS, SYNLETT eta SYNFACTS aldizkarien batzorde editorialeko kideek soilik hautatzen dituzte saridunak, etengabe ari baitira sintesi kimikoan eta katalisian edo kimika organikoari estu loturiko arloetan lan egiten duten talentu handiko gazteen bila.

«Sari oso garrantzitsua da niretzat. Thieme argitaletxe prestigiotsua denez sari banatzailea, mundu osora hedatzen da sariaren berria. Punta-puntako kimikari goretsienetako batzuek osatzen duten batzordeak hautatzen ditu saridunak», azpimarratu du Uriak.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.