Elhuyar-ek maiatzean gaztetxoekin etxean esperimentatzeko proposamena luzatu du

Elhuyarrek Bizilaberen webgunean maiatzerako egutegia prestatu du eta lau asteko zientzia- eta teknologia-erronkak proposatu ditu. Irudimena eta neuronak astinduko dituzte erronkek; “mezu sekretuak” enkriptatu eta desenkriptatu, hologramak sortu, barazkietan dauden margoak erauzi, motorrik gabeko hegazkinak eraiki, munduko bitxikeriak behatzeko proposamenak egin edo txorientzako jantokiak egitetik, txoriak identifikatzera edo naturan denbora errealean ikus ditzaten bideratuko dira, besteak beste, gazteak. Den-denak etxean dauden baliabideak erabiliz eta etxetik bertatik gauzatu daitezke.

Orokorrean 10-15 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak dira, baina familian zientzia- eta teknologia-jarduerak bultzatzeko asmoz, gurasoak haur txikiagoekin ere erronkak egitera gonbidatu nahi dira.

Ikertzaileekin solasaldiak, gazteak inspiratzeko

Maiatzeko egutegian, plan berezia proposatu da ostiraletarako. Izan ere, bizitza errealean zientziaren eta teknologiaren munduan lanean ari den ikertzaile batekin egingo da hitzordua, ikertzailea bera eta bere jarduna gertutik ezagutzeko, eta, profesionalak ezagutuz, gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna indartzeko. Hala, astero euskal ikertzaile baten sekretuak miatuko dituzte Elhuyarretik, haien gaur egungo proiektuen berri izateko, haien bizitzak gertuagotik ezagutzeko, une honetan egiten ari direna egitera iristeko bidearen inguruan ere galdetuko zaie eta, batez, ere, bizitako anekdota interesgarrienak ezagutu nahiko dituzte. Gazteentzako inspiratzaileak izan daitezkeen elkarrizketak dira, ikertzaile horien pasioa eta ezagutza transmititzeko asmoarekin.

Hauek maiatzean elkarrizketatuko ditugun ikertzaileak:

  • Maitane Alonso Monasterio. Zientzia Azokako parte-hartzaile izatetik, bere asmakuntzarekin munduan zehar dabilen gazte sodupearra; medikuntza-ikasle gaztearen bizitzaz jakiteko hura elkarrizketatuko dute lehenik. Ikerketa da bere pasioa, eta, orain bizi dugun egoerarako aholkua ere eskatuko diote Elhuyarretik.
  • Naima El Bani Altuna. Artikoan azken urteetako aldaketa klimatikoa ikertzen dabilen geologo bilbotarrarekin arituko dira bigarren astean; azken urteetako klima-aldaketa aztertzen ari da, eta gaur egun nola eragiten digun jakiteko aukera eskainiko digu elkarrizketak.
  • Itziar Garate López.Urrunago joan, eta beste planetetako atmosferak ikertzen dituen astrofisikari zarauztarrarekin ere egongo dira hirugarren astean Elhuyarrekoak.
  • Lorea Argarate Zubia. Telekomunikazio-ingeniaria, musikaria eta Big Dataren apasionatu bilbotarra ere izango dute laugarren astean. Zenbat datu ematen ditugu nahi barik telefono mugikorra erabiltzean? Gomendioak eskatuko dizkiote hari ere.

Esperimentatu eta partekatzeko, egindako zientzia- eta teknologia-erronkak sare sozialetan zabaltzeko gonbitea luzatzen diete gaztetxoei Elhuyarretik, #NikEtxeanEsperimentuak traola erabiliz.

Info +

Erronka eta elkarrizketetarako sarrera

Erronken Maiatzeko egutegira joateko

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude