Kimuak programaren 25. edizioaren deialdira aurkeztutako 75 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak Kimuak 2022 katalogoa osatzeko: Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso durangarrak eta Enara García leioaztarrak zuzendua) Contadores (Irati Gorostidi), Cuerdas (Esti Urresola), Fe (Maider Fernández) Hirugarren koadernoa (Lur Olaizola), Irrits (Maider Oleaga) eta Lanbroa (Aitzol Saratxaga).
Etxepare Euskal Institutuak antolatzen du Kimuak programa, Zineuskadik kudeatzen duena, euskal film laburren sustapena eta zabalkundea xede. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko da.
Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: María del Puy Alvarado –ekoizlea, gidoilaria eta irakaslea, Malvalanda ekoizpen etxearen sortzailea–;Alejandro Díaz Castaño –FICX, Gijóneko Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendaria–; Vanesa Fernández –ZINEBI, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko zuzendaria–; Iñaki Lazkano –Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea– eta Javier Ocaña –Zinema kritikaria eta idazlea–.Kimuak 2022 katalogo berriak fikzioa eta dokumentala jasotzen ditu.
Hizkuntzei dagokienez, filmetako hiru euskara hutsean eginak daude eta lau gaztelaniaz. Aurtengoan, halaber, zazpi laburretatik sei emakumezkoek zuzendu eta ekoiztu dituzte.
Enara Garcíak eta Ainhoa Olasok zuzendutako “Hemen bizi da maitasuna” laburmetraia
Ane Sagüés Abad, Miren Gaztañaga, Aroa Blanco eta Mila Goikoetxea dira Hemen bizi da maitasuna filmeko protagonistak. Katixa, 22 urteko gaztea gurasoen etxean bizi da. Logela eta egonkortasuna hankaz gora jarrita, egoera lehertu egiten zaio. Familiatik kanpo bilatzen du babesa, lagun duen Leirek lagunduta. Amarengandik askatzeak libreago egingo duela erabakita, etxetik joateko hautua egiten du.
Ainhoa Olaso Sopelana (Durango,1996) eta Enara Garcia Elkoroaristizabal (Leioa, 1996) gazteen proiektu hau 2021eko Aukera mentoretza programan aukeratua izan zen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren euskarazko proiektu bat sustatzeko babesa jaso zuen ZINEBI jaialdian egindako pitching saioan.
Ainhoa Olasok ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen UPV/EHU-n, eta ondoren Larrotxenen (Donostia) gidoigintza eta zine zuzendaritzako ikastaroak egin zituen, Andoni De Carlos, Pablo Malo eta Michel Gaztambiderekin. Enara Garcia ikus-entzunezko komunikazioan graduatua da eta Estudios de Cine y Audiovisual Contemporáneos masterra egin zuen Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean.
Hainbat ikus-entzunezko proiektu egindakoak dira, besteak beste, Eider Rodriguezen narrazio batean oinarritutako Edonork ez luke film laburra.