Kixotenean, Iñigo Astizen eta Maite Mutuberriaren artean apaindutako liburua izango dute berbagai gaur arratsaldean Leioako Liburutegian biltzen diren Irakurle Klubaren lagunek, Kultur Leioaren lehenengo solairuko hemerotekan, arratsaldeko zazpi t´erdietatik aurrera. Berria egunkarirako idatzitako artikulu sorta bat da liburu honen bizkarrezurra, eta, beraz, han irakurri ahal izandako testuak dira irakurleak hemen topatuko dituenak. Maite Mutuberriaren ilustrazio gehienak ere aurrez ikusiak izango ditu jada lan hura jarraitu zuenak, baina topatuko ditu elementu berriak ere. Espresuki libururako zuzendu, moldatu eta aberastuta daude kronikak, eta propio sortutako irudiberri batzuk ere egin ditu Mutuberriak. Horrez gainera, On Kixote liburuaren euskarazko hainbat itzulpenen txatalak, testu labur berri batzuk eta aurrez argitaratu gabeko zaldunaren heriotzari buruzko zazpigarren kronika oso bat ere txertatu ditugu.
Kixote liburuaren 4. mendeurrena zela-eta, Mantxara bidaian abiatu zen Iñigo Astiz kazetari nafarra, eta erreportaje sail bat ondu zuen, bidaia-kronikaren eta saiakeraren artean dagoen gogoeta-sorta. Egileak berak dioen moduan, “Kixotek gurutzatutako lurrak gurutzatzea izan da helburua, eta, literatura modernoaren iturburu nagusietariko bateraino heltzen saiatzerakoan, bidean ezinbestean korapilatuz joaten dira literatura eta errealitatea. Kaleak eta liburuak, historia eta kondaira, errealitatea eta fikzioa, bi plano horiek uztartzen diren puntu zehatz horren bila egindako bidaia bat kontatzen du eskutan duzun lanak”. Azpimarratzekoa da Maite Mutuberria ilustratzailearen lana, sentiberatasunez eta sujerentziaz betea, testuaren paraleloan doan beste irakurketa bat proposatzen diguna.
Aurtengo Rikardo Arregi saria irabazi zuen lan honek “sorkuntza paregabea” bezala onarturik. Egileak Twitterren jarraitu nahi badituzue @iastiz eta @MaiteMutuberria izenekin topatuko dituzue sare horretan.