Konfinamendurako abestiak :: Izaro, EOSekin

Izaro kantaria da, oraingoz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin beraren kanten bertsio sinfonikoa grabatu duen azkena euskal artista.

Fernando Velázquezek moldatutako eta Euskadiko Orkestrarekin grabatutako Izaroren ‘Errefuxiatuena’, ‘Koilarak’ eta ‘Tu escala de grises’ kanten bideoklipen estreinaldia, hurrenez hurren, apirilak 23an, apirilaren 24an eta apirilaren 25ean gauzatu zen ETBn eta Euskadiko Orkestraren sare sozialetan.

Euskadiko Orkestrak erreferentziazko euskal artistak eremu sinfonikora eramateko ekimen digital hau duela bi urte jarri zuen abian, Zea Maysen hiru bideoklip eta Doctor Deseoren beste hainbeste grabatu eta zabaldu zituenean. Ekimena fenomeno biral batean bilakatu zen eta oraindik orain bideo hauek milaka bistaratze biltzen jarraitzen dute sareetan. Formatu horren estreinaldia arrakasta handikoa izan zen orkestrarentzat, eta eskaera gehien jasotzen ari diren euskal artistetako batekin errepikatu du oraingoan, Izarorekin, alegia.

2019ko azaroan ateak itxita grabatu ziren bideo hauek Miramongo egoitzan, Fernando Velázquezen agindupean. Getxoko musikagile, zuzendari eta musikaria arduratu zen Izaroren ErrefuxiatuenaKoilarak etaTu escala de grises kanten moldaketa sinfonikoak egiteaz, baita proiektu beri honen zuzendaritza artistiko osoaz ere. Ikus-entzunezko zuzendaritza Pausoka Entertainmenteko Jabi Elortegiren esku geratu zen oraingoan ere. Orduan egin zen grabazioa eta orain, konfinamendu garaian, aurkeztu da eremu digitalean.

Izaro, EOSekin egindako grabazioaren une batetan. Argazkia: EOS

Izaro: “Oso emozionantea da norberak egindako kantak beste era batera entzutea”

Euskadiko Orkestrak lehendabizikoz kolaboratu du Bizkaiko abeslariarekin, eta zirraraz betetako ekimena izan da artistarentzat: “Oso emozionantea da norberak egindako kantak beste era batera entzutea, are gehiago Euskadiko Orkestra bezalako musikari talde batek jotzen baditu, eta Fernando Velázquezek moldatu. Hiru abesti aukeratu genituen: Errefuxiatuena, Koilarak eta Tu escala de grises. Oso ederra izan zen lehen entsegura iritsi eta orkestra jotzen entzutea, konturatzen zara zure melodia txiki horiek bizitza propioa dutela. Eta ilusio berezia egiten dit Fernando bera zuzentzen ari den bitartean abesten ari dela ikusteak”.

Fernando Velázquez orkestra zuzendari getxoztarra eta Izaro, grabazioan. Argazkia: EOS

Fernando Velázquez: “Izaroren musika, arte eta presentziarekin maitemindu egin zen orkestra”

Proiektu honen zuzendari musikala ados dago Izarorekin eta zera azpimarratu nahi izan du, Izaro, orkestra eta zuzendaria lehendabizikoz eszenatoki gainean elkartu ziren unea: “Izaro eszenatokira igo zenean haren musika, arte eta presentziarekin maitemindu egin zen orkestra. Bere magnetismoa eta kantatzen duenaren edertasuna dira nagusi. Euskadiko Orkestraren presentzia ezinbestekoa da mezua gorpuzteko, baina bere ahotsean eta abestietan dago benetako magia”. Velázquezentzat pribilegio hutsa da proiektu honetan lankide jardutea eta “legami pixka bat gehitu ahal izatea pastela hobeto harrotu dadin”. Oso pozik eta eskertuta agertu da proiektu honekin getxotarra.

Izaroren bideoklipak EOSekin

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude