Konfinamendurako abestiak :: Mikel Laboaren “Txoria txori” kanta

Gaur, Aberri Eguna ospatzen delarik, Euskal Herria Batera ekimenak 2020ko Aberri Eguna modu berezi batez ospatzeko deia luzatu du. Besteak beste, koronabirusak sortutako biktimen senideei dolua eta birusaren lehen lerroko langile guztiei esker ona agertzeko minutu bateko isilunearen ostean bi kanta abesteko proposamena luzatu du: Mikel Laboaren Txoria txori kanta ezaguna eta Ikusi mendizaleak kanta oso ezaguna ere.

Mikel Laboa abeslaria.

Mikel Laboa Mantzizidor(Donostia, Gipuzkoa, 1934ko ekainaren 15a – Donostia, 2008ko abenduaren 1a) euskal abeslaria eta musikagilearen kanta da Txoria txori. Hainbat adituren ustez, Mikel Laboa XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan da, bere oihartzuna gure mugetatik kanpora ere zabaldu zuena. Bernardo Atxaga idazleak dio tradizioa eta abangoardia uztartu zituela, Gabriel Aresti, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida edo Koldo Mitxelena egileen pare.

Hiru zutabek osatzen dute Mikel Laboaren kantagintza: kantu tradizionalen berreskuratzeak, poeta garaikideen hitzen musikatzeak eta lekeitioak deituriko kantuen esperimentazioak. Osagai horiekin, Laboa euskal musikagintzaren erreferentzia handienetakoa izan da 1960ko hamarkadatik hona: Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa eta euskal kantagintzaren berritzaile nagusietakoa izan da, eta euskal herritarren artean errespetu eta miresmen itzela du haren lanak.

Mikel Laboaren Bat-hiru diskoa

Mikel Laboaren Bat-hiru diskoa, 1974koa. Argazkia: Elkar

Bere diskoen artean, 1974ko Bat-hiru da arrakastatsuena, jada eusko ereserki bihurtu diren hainbat kantekin (besteak beste, eta bereziki, hona dakargun Txoria txori kanta). Disko hura «Euskal Herrikohistorian izan den diskorik hoberena» izendatu zuten Diario Vasco egunkariak eginiko bozketa batean.

Txoria txori euskal poema eta abesti herrikoia da. Hitzak Joxean Artzek idatziak dira; doinua, berriz, Mikel Laboak sortua. Artzek, Donostiako Parte Zaharrekotaberna batean, paperezko ezpainzapi batean idatzi zuen poema; Laboaren emazte Marisol Bastidari gustatu egin zitzaion; eta Mikel Laboak ezpainzapia etxera eraman eta musika jarri zion. Askatasun ukatuari egindako abestia da.

Lehendabizikoz Donostiako Astoria antzokian jo zuenetik ospetsu bilakatu zen, izan ere, 2005eko Euskal Kanturik Onena saioan bosgarren hautatu zuten.

Txoria txori kanta ederra da, baina horrek soilik ez du sortutako fenomenoa esplikatzen. Denis Laborde etnologoak aztertu du kantuaren fenomeno hori eta orokorrean Mikel Laboaren adierazkortasuna “Gutako bakoitzari hitz egin zion gizona. Txoria txori eta euskal kantuaren etengabeko asmakuntza” lanean. Laborderen ikerketaren arabera ezaugarri batzuk beharrezkoak dira halako fenomenoetan: erraza behar du izan kantatzeko eta, batez ere, gure belarritik eztarrira doan bide hori –erraiak tarteko– inongo oztoporik gabe egiteko ahala ukan. Taldeak berezko dituen promesak bideratzeko adostasuna berresten da honelako kantuak abestean.

Guk gaurko honetan bi bertsio ez oso ezagunak ekarri ditugu. Batetik, 2000 urtean Iruñeko Gayarre Antzokian Laboak abestutakoa Alasdair Fraser & Skyedance taldearen laguntzarekin, soinu gaelikoez apaindua. Bestetik, euskaraz eta galegoz kantatua, Galizako Nao taldeak Ata que o lume se apague bere bostgarren diskoan sartua. Diskoa Andoaingo Garate estudioetan Kaki Arakarazoren ekoizpen eta grabaketa eta masterizazioarekin 2018ko abuztuan. Ea gustokoa duzuen!

Mikel Laboa eta Alasdair Fraser & Skyedance taldearen Txoria txori

Nao talde galegoaren Txoria txori kanta

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude