Udalbiltzak bultzatutako ‘Geuretik Sortuak’ artistentzako beka deialdia zabalik da

Udalbiltzak aurkeztutako Geuretik Sortuak kultur proiektuak eman ditu bere lehen pausuak. Zinemagintza, literatura eta antzerkigintzan aritzen diren euskal artistei zuzendutako beka deialdia zabaldu berri du, eta otsailaren 5era arte iraungo du izena emateko epeak (azken hau barne).

Ireki berri den beka deialdiak honakoan datza: hautatuak diren artistek, euren bizilekua ez den herri batean 3 astera bitarteko egonaldia egingo dute, bertan, herriaren errealitatea oinarri hartuta edota herriarekin batera hitzartutako gai baten inguruan, euskarazko sormen lan bat garatu ahal izateko. Lanaren sormen, garapen eta ekoizpenaz gain, beka honek ostera etorriko den hedapen fasean artistek egingo dituzten aurkezpenen ordainsaria ere eskainiko du.

Hainbat berezitasun ditu deialdi honek; horien artean, esaterako, proiektuan parte hartuko duten herrien zerrenda gaurkotua ez dela aipatuko. Deialdira aurkezten diren artistek, eurek garatu nahiko luketen proiektuaren proposamen ireki bat aurkeztu beharko dute, baita eremu ezberdinetara egokitzeko gaitasuna eta malgutasuna adierazten duen beste dokumentu bat ere. Herri bakoitzari hoberen dagokion artista eta proposamena esleituko zaio, behin deialdia amaituta.

Beka deialdi honek honakoa finantzatuko du: 10-15 ipuinen sormen prozesua; 3-5 antzezlanen sormen prozesua; 3-5 film laburren sormen prozesua; hautatuak diren 22-25 artisten (norbanako edota taldeen) hiru astera bitarteko egonaldiak (ostatua, garraioa eta dietak ere ordainduko dira, udalen edota Udalbiltzaren eskutik, kasuak kasu); eta 22-25 artista horien obren aurkezpen emanaldiak proiektuan parte hartuko duten herri guztietan.

Sormen lanak amaituta entregatu ahal izateko, kultur arlo bakoitzeko epe ezberdina izango dute artista horiek: ipuinen kasuan, 2021eko irailaren 17a; film laburraren kasuan, 2021eko azaroaren 26a; eta antzezlanaren kasuan, 2022ko urtarrilaren 28a.

2021. urteko udaberrian bigarren deialdi bat irekiko da honakoak hautatzeko: ipuin guztiak bilduma batean argitaratuko dituen argitaletxea; antzezlanak mugitu eta egokituko dituen teknikoa; eta film labur guztiak film luze batean muntatu eta ekoitziko dituen muntatzailea.

Euskal Herria euskarazko kulturaren bidez saretu

Helburu argia du Udalbiltzak bere jardunean: alor ezberdinetako egitasmoak sustatuz Euskal Herria saretzea, herrigintza beti ipar-orratz. Hainbat urtez herrien arteko elkarlan eta harremanak sendotzera bideratuta dauden proiektuak garatu ditu ekonomia sozial eraldatzailea, ikerketa edota teknologia burujabetza bezalako alorretan.

Geuretik Sortuak egitasmoak helburu bera jarraitzen du, kulturaren bidetik oraingoan. Oso baikor baloratuko da helburu horiekin bat egin eta esleitutako herria kontuan hartzen duten istorio paregabeak sortzen dituzten artisten ahalegina; baita artisten sormen indarra balioan jarri eta sortzaileen askatasunean konfiantza jartzen duten herrien jarrera ere.


Info + 

Izena emateko prozedura  https://www.udalbiltza.eus/eu/gardentasuna/kontratatzailearen-profila

Dokumentuak bidaltzeko bideak  Posta arruntaz  Udalbiltzaren Erregistroa. Doneztebe plaza, 1. 20180 Oiartzun I  Posta elektronikoz  udalbiltza@udalbiltza.eus

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude