Egiten du inork lo kartzelatik urkabera daraman gurdian? –galdetzen zuen John Donnek–. Guk, ostera, erdi oharkabean egiten dugu normalean amaren sabeletik edonongo hilobira arteko bidea.
Gauzak direna balira literaturaren bidezko itzartasun ariketa da. Izan dezagun arreta eta ardura behintzat, kondenatuta gaudenez gero.
Idazkera eta liburu molde baten hirugarren partea da. Bizitzea ez al da oso arriskutsua? izan zen lehenengoa, Airea ez da debalde bigarrena, eta Gauzak direna balira hau da azkena. Habanako gaukaria azpitituluarekin heldu den trilogia. Gaukaria: neologismo natural horrek iradokitzen du iluntasunari eta lozorroari kendutako izkribuak direla.
Habanako bazter-auzo batean bizi da idazlea 2019ko urritik 2020ko pandemiaren udaberrira arte. Baina, bere gogoetak egunerokotasunetik hedatzen dira espazioan eta denboran. Saiakera politiko eta filosofikoa (isonomia, isegoria, isomoiria eta isotimia) saiakera historiko eta literarioarekin (Prospero, Kaliban, Ariel, Saikoratz) hariztatzen da. Iragan koloniala eta propietarista presente dago gizartean, gizajaletasuna desagertuko dela ematen duen arren, gizakia ez zaiolako gustatzen gizakiari. Deskribaketatzat ala mikroipuintzat har daitezkeen pasarteak daude (agureari poliklinikora laguntzen dion tximeletarena, edo, apagoian agertzen den kokuioarena). Antilletako hitzez (mamei, batei, bohio, baje, jaba, nasobuko), eta bertako ahaztuez (hain gabe, haindu) aberastuz doa euskara.
Baina, literaturaren epidiktikotasunaz mesfidatzen da autorea, literatura ez delakoan ez edertia ez lehiaketa, baizik kondenatuaren bizitzarekiko arreta.
Joseba Sarrionaindia (Iurreta-Durango, 1958) euskal idazle ezagunak Soziologia eta Filologia ikasi zuen. Kartzelan egon zen 1980tik 1985era arte, eta ondoren atzerrian. Gaur egun Habanan (Kuba) bizi da. Liburu ugari idatzi ditu, mota ezberdinetakoak: poesia, narrazioa, ipuina, eleberria, saiakera eta klasifikaezinak diren beste hainbat.
Laburrean
Izenburua Gauzak direna balira
Egilea Joseba Sarrionandia
Argitaletxea Pamiela argitaletxea
Zenbatekoa 18,00 €
Hizkuntza Euskara
Orri-kopurua 320
Argitalpen-urtea 2020
Lizentzia Copyright
ISBN 978-84-9172-208-3