Bi ahotsen tinbreak nahastuz ez bada, gitarren arteko solasaren bidez edo erritmo ezberdinen artean salto eginez bestela; beti dago jolaserako tartea Kaskezurrekin. Jokalari trebeak baitira nafarrak, bide gorabeheratsuetan jostatzen iaioak.
Orain bi urte Azpisugeak diskoarekin onespen zabala lortu zuten eta horrelakoetan itzulera ez da erraza izaten. Laukoteari ez zaio dardarizorik nabari, ordea. Ohiko eztandak zehatzagoak dira orain, zorrotzagoa da kolpe bakoitza. Oinarri erritmikoa ere joriagoa sumatzen da eta, orokorrean, ñabardurak lehenetsi dituzte eztanden beharrean. Melodiez ongi ureztatu dituzte larreak, ondoren sute kontrolatuak pizteko ertzetan. Egiari zor, ziur aski sekula ez dira orren zurrunak izan, baina soinu horma etengabe hautsi eta eraldatu dute, distirari ere sarbidea emanaz.
Bat-bateko suhartasunari garuna gailendu zaio agian oraingoan eta trinkoagoa da emaitza. Jolasa izaten jarraitzen du honek, baina beraien jokoa asmatu dute konturatzerako.
Diskoa 2019ko uda urdinean grabatu zen Berako atala estudioetan.
Kanta guztiak kaskezurrenak dira, “Euria” izan ezik, “Euria ari du” abestiaren bertsio librea delako (Musika: Joseba Irazoki; Hitzak: Dani Irazoki).
“Buztinezkoak gara” eta “Gora!” kantetan Miren Narbaizak kantatu du eta “Euria” abestian Joseba Irazokik gitarra sartu du. Hainbat kantatan Ibai Gogortzak satelite gitarrak ere grabatu ditu.
Laburrean
Egilea Kaskezur (Imanol Zubieta, baxua; Mikel Santxez, bateria; Ion Minde, gitarra eta ahotsak; Iñigo Belzunegi, gitarra eta ahotsak)
Diskoetxea Mukuru
Formatua CD / MP3
Hizkuntza Euskara
Argitalpen-urtea 2019
Lizentzia Creative Commons by-nc-nd
Ekoizpena Ibai GogortzaGrabazioa Iñigo Irazoki, Atala estudioan
Nahasketak Ibai Gogortza eta Iñigo Irazoki, Atala estudioan
Masterizazioa Jonan Ordorika
Abestiak
1. Gora! (04:05)
2. Euria (05:23)
3. Animaliak (04:35)
4. Keinuak (05:07)
5. Gaindosia (04:03)
6. Ez dut nahi bertzerik nahikoa da hau (05:31)
7. Buztinezkoa (03:44)
8. Hurrengo faseko lagunak (03:20)
9. Pasokoak (04:07)
10. Eta gero zer (05:32)