Zumeta lan berria aurkeztu du Mikel Telleriak; Usurbilgo Udalaren euskarazko kultur sormenerako dirulaguntza jaso duten lanetako bat da. Bere hitzetan, «ez da soilik Zumetari eskainitako diskoa, belaunaldi oso bati eskainitakoa baizik: Basterretxea, Ruiz Balerdi, Ameztoi, Carmelo Ortiz de Elguea, Txillida, Oteiza, eta beste asko datozkit gogora. Ezin denak aipatu, barka nazatela. Azken batean, punta-puntako artea eskainiz, euskal kultura mundu aurrean aurkeztu dutenei eta gaur egun lan bertsuan dihardutenei egindako omenezko diskoa da».
Disko proiektuaz zera dio Mikel Telleriak: «2020ko apirila zen, COVID pandemia zegoen iritsi berria, etxean egon behar zen derrigor konfinamendua zela eta. Egoera horretan, apirilean utzi gintuen Zumetak, eta hurrengo egunean Berrian atera zuten duela urte batzuk egindako elkarrizketa bat, Iñigo Astiz kazetariak egin ziona. Eta galdetzen dio: zerk bultzatu zaitu pintatzera? Eta erantzuna, zoragarria: Beharrak, ez badut pintatzen ez naiz ongi aurkitzen, oreka bilatzeko da eta bizitzeko gogoa».
Musikariaren esanetan, beharraren gai hori unibertsala da arte munduan, berdin izan pintore, idazle, eskultore… Eta “Zumeta” kantua egitea erabaki zuen: «Esan behar da gauzarik zailena izan zela lehen estrofa moldatzea. Bertan bildu nituen, nire ustez Zumetaren kantuak behar zituen klabeak. Zumeta zen, berak esanda, tailerreko pintorea; bere pinturan ezinbestekoa den kolorea aipatu behar zen derrigor; espazio zuriaren gai topiko hori; eta gai horien inguruan topatzen zuela bizitzeko motiboa… elkarrizketan aipatu zuen bizitzeko gogoa; hori zuela bizigai».
Zumeta diskoa Mikel Telleriaren autoekoizpen lana da, eta Gasteizko Sonora diskoetxearen eskutik plazaratu du. Bertan, Jose Luis Zumetaren bi margolan agertzen dira, azaleko irudia bera eta autoerretratu bat barruko poster batean.
Diskoa Durangoko Azokan autoekoizleen postuan eskuratu ahal izango da, baita ohiko dendetan ere. Halaber, Badok plataforman eta Spotifyn entzun ahal izango da.
Laburrean
Egilea Mikel Telleria
Hizkuntza Euskara
Argitalpen-urtea 2022
Lizentzia Copyright