Zer berri? :: “Xabier Lete: Poema eta abesti guztiak” liburuak

Xabier Leteren lirika osoa (bai poesia, bai abestietako hitzak) biltzen duen bilduma argitaratu dute bost argitaletxeren artean egindako edizio batean (Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta). Ia mila orriko emaitza, formatu eder eta zainduan, azken 50 urteetako euskal kulturan funtsezko ahotsa izan denaren ondarea jaso eta transmisioa zaintzeko helburuz egina. Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi, unibertsitateko irakasle eta Leteren obran adituak izan dira lan hau aurrera eraman dutenak.

Argitaletxeek Euskal Editoreen Elkartearen laguntza izan dute koordinazioan.

Lana gauzatzeko garaian, Gurrutxagak eta Otaegik eskura izan dute poetaren eskuizkribu eta paper pribatuak biltzen dituen Xabier Lete Fondoa. Hala, 100 orri baino gehiagok sarrera jori eta aberats baten ondotik, hiru partetan zatitu dute Leteren lan lirikoa, kutxa batean bilduta.

Hiru ale

Edizioari dagokionez, hiru aletan egokitu dute Xabier Leteren obra, hitzaurre eta oharrez hornituz. Horrek esan nahi du Leteren testuei oharrak eta azalpenak gehitu dizkiela, ahal den neurrian bere testuingurua eta asmoa uler dadin.

Lehenengo alean, lehen hiru liburuak bildu dituzte, 1968 eta 1981 artekoak. Hiru lan horietatik bik sariak jaso zituzten. Bigarrenean, azken hiru liburuak: 1990 eta 2008 artekoak. Eta hor ere hainbat sari izan ziren; bereziki, Euskadi saria, Egunsentiaren esku izoztuak liburuarekin. Hirugarren aleak dakartza irakurle gehienentzat nobedade gehien: han eta hemen agertutako abestiez eta poema solteez gain, argitaragabeko bi poema-sail eta beste hainbat abesti eta itzulpen ere bai baititu.

Xabier Lete Bergaretxe, idazle eta kantaria

Xabier Lete Bergaretxe  1944an Oiartzunen jaio zen, eta 2010ean Donostian hildako euskal idazle, poeta eta kantatia, eta politikaria izan zen. Gazterik hasi zen idazten, eta bere artikuluak ohiko bihurtu ziren Zeruko Argia aldizkarian. Euskal Kantagintza Berriko partaide nagusietarikoa izan zen: 1965ean, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Jose Angel Irigarai eta Lourdes Iriondorekin batera, abian jarri zuen Ez Dok Amairu taldea. Sasoi haiek gogoan, hau esan zuen Letek: «Kantarien lana, errekuperazio lan bat zen, beste ezer baino lehen. Kantatzeko era herrikoi baten errekuperatzearekin batera —kanta zaharrak ere jasoz—, hizkuntzaren eta herri kontzientziaren errekuperazioa. Kanta, nola edo hala borrokarekin lotzen da. Herri batek irauten jarraitzeko zeraman borroka larriarekin, hain zuzen».   1968an argitaratu zuen Letek lehen poemategia eta 2009ko urriaren 27an bere azken Egunsentiaren esku izoztuak poesia-liburuagatik Euskadi Literatura Saria eman zioten. 2009ko apirilean Jakiunde zientzia, arte eta letren akademiako kidea («jakituna») izendatu zuten; eta 2010ean, ohorezko euskaltzain.

Laburrean

Egilea  Xabier Lete

Argitaletxeak  Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela, Txalaparta

Zenbatekoa  50,00 €

Hizkuntza  Euskara

Orri-kopurua  968

Argitalpen-urtea  2022

Lizentzia  Copyright

ISBN  978-84-09448-32-6


Xabier Leteren Poema eta abesti guztiak Bildumaren aurkezpena

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude