12.782 ikasle hasiko dira asteartean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko probak egiten UPV/EHUn

Aurreko kurtsoetako 626 ikasle irakasgai batzuetara aurkeztuko dira nota igotzeko I Unibertsitateak handitu du egoitzen kopurua eta USEren azterketen berregituratzea ere mantendu da

Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 11.947 ikaslek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) hasiko dute asteartean, ekainak 8, Euskal Herriko Unibertsitatean. Batxilergoko ikasleez gain, Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin duten beste 835 ikasle gehitu behar dira. Kopurua iazkoa baino pixka bat handiagoa da: 2020an 12.594 ikasle matrikulatu ziren USEra. Aurten, beraz, % 1,49 igo da matrikula.

Batxilergoko ikasle horietatik, 1.613k egingo dute Arabako Campusean, 5.956k Bizkaikoan eta 4.346 Gipuzkoakoan. Eta LHtik datozenetatik, 118k egingo dute Arabako Campusean, 429k Bizkaiko Campusean eta 272k Gipuzkoakoan.

Hizkuntzaren arabera, Batxilergoko ikasleen % 75k (8.925 ikasle) euskaraz egingo du, eta % 25k (2.990) gazteleraz. LHko ikasleei dagokienez, % 55k egingo du proba euskaraz, eta % 45k gazteleraz.

Azkenik, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egingo duten Batxilergoko ikasleen % 57 emakumezkoak dira, eta % 43 gizonezkoak. LHko ikasleei dagokienez, emakumezkoak % 69 dira, eta gizonezkoak % 31.

12.782 pertsona horiei gehitu behar zaizkie nota igotzeko irakasgai batzuetara aurkezten diren aurreko kurtsoetako beste 626 ikasle.

USE azterketak berregituratzea

Bestetik, COVID-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak adostu dute 2020an ezarritako USEko gaien azterketak berregituratzea mantenduko dela.

Funtsean, berregituraketa datza azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean, aukera emanez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak. Ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak ikasturte hasieran ezarri ziren, eta probarako erabiltzen ohi direnak dira.

Segurtasun neurriak

Higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasotzen dituen protokoloa ere prestatu da, probetan parte hartzen duten guztiek errespetatu behar dituztenak.

Hortaz, parte hartzaile bakoitzak azterketa egiteko materiala eraman beharko du (bolaluma, erregelak, kalkulagailua…), eta une oro mantendu beharko du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia. Maskara etengabe erabiltzea ere derrigorrezkoa izango da. Pertsona guztiek eskuak garbituko dituzte ikasgelara sartu aurretik, uraz eta xaboiaz edo sarreran ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoaz. Betiere dagokion epaimahaiaren presidente edota idazkariak emandako jarraibideak jarraitu behar izango dira.


Info +

USEari buruzko informazio guztia  https://www.ehu.eus/eu/web/sarrera-acceso/use-2021/ohiko-deialdia

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.