150 lagun manifestatu dira Altsasuko gazteekin elkartasunean

150 lagun bildu ziren atzo Leioan Epaitegi Gorenak ateratako epaiaren aurka eta Altsasuko gazteekin elkartasunean. Epaiak zigor handiak ezarri dizkie gazteoi haien herriko jaietan taberna batetan izandadako ordu txikietako liskar baten ondorioz.

10 minutuz egon ziren Iparragirre Zehakaleko Bulebarrean bildutakoak, adin guztietakoak baina, horietako asko, gazteak izanik. Ondoren, manifestazioan abiatu ziren Sabino Arana kaletik aurrera, Luis Bilbao Libano kalerantz hartu zuten gero eta azken honetatik berriro Avanzadarantz eta irteerako punturantz joan ziren.

Behin Bulebarrera berriro helduta, bi gaztek irakurri zuten atzo Altsasuko 8 gazteen gurasoek ezagutzera emandako agiria. Bertan gogoratzen dutenez, Epaitegi Gorenak zigor handiak ezarri dizkie gazteei, urte bete eta erdiko gartzela zigorra txikiena, 9 urte eta erdi handienak. Guztira, 50 urte eta 7 hilabete Altsasuko gazte hauen aurka. leihoa.info-ri manifestazioan parte hartu zuenetako batek  adierazi zionez, “liskarra euskal geografiatik kanpoko beste edozein herritan gertatu izan balitz ez zatekeen, ziurrenik, ezta presondegi egun bat bera ere suposatuko”.

Altsasuko Gurasoak eta Altasukoak Aske plataformek ezagutzera emandako agirian “gure samina, haserrea, inpotentzia eta amorrua adierazi nahi dugu injustizia, sufrimendua luzatu eta auzi honen salbuespena indartu eta baieztatzen duen erabaki honen aurrean. Injustizia apaindu nahi bazuten, ez dute lortu; hau astakeria eta zentzugabekeria da”. Gurasoek eta herriko babes-plataformak “hiru urte hauetan, aurrena, muntaia mediatikoa , gero politikoa eta ondoren fiskaltzak egindako 50 eta 62 urte bitarteko eskaerak bakoitzarentzat bizi izan ditugu”, adierazten dute. “Horrela egin genion aurre Auzitegi Nazionalean, irregulartasunez, bermerik gabeko eta uneoro Goardia Zibilak egoteak markaturiko epaiketari”, diote.

Haien esanetan, lehen epaiketan gazteei auzia Auzitegi Nazionalean egiteko arrazoia, hots, “terrorismoa” leporatzea baztertu zen, “aginteari atentua” leporatzeaz ordezkatu zutelarik. Baina “diskriminazio ideologikoa” gehitu zitzaien larrigarri gisa. Ondorioz, 9 eta eta 13 urte eta erdiko zigorrak ezarri zitzaizkien, lehenenengo helegitean baieztatu zirenak. Diotenez, “terrorismorik gabe, diskriminazio ideologikorik gabe”, behin betiko  epaiak “sekulako gartzela zigorrak, erabat neurriz kanpokoak” ezarri ditu eta ondorioz “ez da justiziarik eman, injustiziza baieztatu da”.

Gartzelan dauden gazteei babesa emateko plataformek gogorarazten dutenez, “elkartasuna, salaketa, mobilizazioa eta borrokari esker lortu dugu askatasuna eta eta demokraziarentzako oso arriskutsua zen mehatsua gelditzea, alegia, terrorismoa eta diskriminazio ideologikoa aurrekari gisa geratzea” eta uste dute epaiak “mantendu nahi dituela salbuespeneko auzi honen helburu ilunak, partehartze politikoan, arlo mediatiko eta judizialean eragitea baitira”. Horregatik, dei egiten diote gizarteari urriaren 26an, larunbatean, Iruñeako Justizia Auzitegiaren aurrean deitu duten elkarretaratze masiboan “gurekin bat egiteko”. Bide batez jasotzen ari diren elkartasun keinu eta Epaitegi Goren espainiarraren epaiaren aurka burutu diren mobilizazioak “bihotzez” eskertu dituzte.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.