Maskaren doako banaketa errazteko, medikamentuen errezeten sistema berdina erabiltzea proposatu dio EH Bilduk Lakuako Gobernuko Osasun sailari.
Bilera horretan, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du Estatu espainiarreko zenbait erkidegotan 65 urtetik gorakoei eta arrisku taldeetako pertsonei maskarak doan banatzea erabaki dutela, eta Euskal Herrian ere «funtsezkoa» dela pertsona horiei maskarak eskuratzeko bidea «erraztea».
Azaldu duenez, Osasun sailak medikamentuen errezetekin erabiltzen duen sistema bera baliatu dezake maskarak banatzeko, farmaziekin elkarlanean.
Koronabirusaren hedapena murrizteko maskara erabiltzea sarritan gomendatu dute osasun arloko adituek, eta zenbait kasutan, garraio publikoan edo zenbait lanbidetan esaterako, derrigorrez erabili behar da.
«Covid-19ari aurre egiterakoan, eta are gehiago behin konfinamendutik aterata, maskara horiek ahalbidetzen dituzten neurri higienikoak funtsezkoak baitira kutsatze maila kontrolpean mantentzeko», arrazoitu du Uberak. Modu berean, arrisku taldeetako pertsonei «lehentasuna» emateak «berebiziko» garrantzia duela azpimarratu du.