Alde sozioekonomikoak erabakigarriak dira adinekoen osasunean

UPV/EHUko ikerketa batean ondorioztatu dute adinekoek osasunean dituzten aldeak txiki daitezkeela haien egoera sozioekonomikoa hobetuz

UPV/EHU, Osakidetza eta Osasun Saileko ikertzaileek hainbat artikulu zientifiko berrikusi dituzte, aztertzen dutenak zer erlazio dagoen Estatu espainiarreko adinekoen osasunaren eta desberdintasun sozioekonomikoen artean. Ikerketaren emaitzak baliagarriak dira etorkizunean beste ikerketa batzuk bideratzeko eta osasunaren arloan aurkitzen diren desberdintasun horiek txikitzeko osasun-politika zehatzak diseinatzeko. Ikasketa-maila, bizitokiaren ezaugarriak eta adinekoek beren bizitzan izan duten lanbidea izan dira gehien nabarmendu diren alderdiak.

UPV/EHUko Osasunaren Gizarte Baldintzatzaileei eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-taldea, OPIK, gizarte-zientzien eta osasunaren alorreko diziplina anitzeko taldea da; besteak beste, ikergai ditu herritarren osasunean eta gaixotasunetan eragiten duten faktore sozialak, osasunean dauden desberdintasun sozialak eta herritarren osasuna hobetzeko baldintza sozialak alda ditzaketen politikak. Gero eta interes handiagoa sortzen ari da Estatuaren barneko desberdintasun sozioekonomikoen ikerketa, baina ikerketa gehienak populazio orokorrari lotuta daude. Nazioartean egin diren ikerlanen berrikuspenek eta Europan egin diren ikerketek agerian utzi dute adinekoen artean badirela aldeak hainbat osasun-adierazletan, baina Estatu espainiarrean oso berrikuspen gutxi egin dira populazioaren multzo horrekin lotuta.

Osakidetzarekin, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin lankidetzan egindako ikerlan batean, zenbait ikerketaren berrikuspen bat egin dute, Estatuan 65 urtetik gorako herritarren osasunean aurkitu daitezkeen alde sozioekonomikoarekin lotuta. “Horren helburua izan da ikustea zer adierazle-mota erabil daitezkeen kasu honetan, bai eta beste testuinguru batzuetan zer egin den ere”, azaldu du UPV/EHUko soziologian doktore eta ikerlanaren egileetako bat den Unai Martínek.

Hezkuntza-maila, adierazle ekologikoak eta bizitzan izandako lanbideak

Ikerketaren ondorio gisa, ikertzaileek adierazi dute adinekoen populazioan badirela alde sozioekonomikoak osasunaren arloan, eta alde horiek handiagoak edo txikiagoak direla sexuaren arabera osasunarekin lotutako adierazle batzuetan. Berez, alde sozioekonomikoak hauteman dira aztertu diren osasun-adierazle guztietan: egoera funtzionala, morbilitatea, norberak hautematen duen osasuna, osasun mental eta emozionala, egoera kognitiboa, bizi-kalitatea, hilkortasuna eta bizi-itxaropena. Hezkuntza-maila eta indize ekologikoak izan dira osasunean alde handien markatu dituzten adierazleak. Bestalde, Martínek erantsi duenez, “badirudi pertsona batek bere bizitza osoan izan duen lanbideak ere markatzen duela haren osasun-egoera; ez bakarrik lanak berak izandako ezaugarriengatik, baita lan bat edo beste edukitzeak eragiten dituen bizi-baldintzengatik ere”. Bada beste datu bat ikertzaileek nabarmentzen dutena: adineko emakumeek bizi-itxaropen handiagoa dute, baina osasun-egoera okerragoa. Ikerketan ondorioztatu dute, halaber, hezkuntza-maila handiagotzea eta behar adinako pentsioak mantentzea politika gakoak izan daitezkeela populazio-multzo horren aldeak txikitzeko.

Nahitaezkoa da adineko herritarren osasunean dauden alde sozioekonomikoak ondo ezagutzea, alde horiek txikitzen lagunduko duten esku-hartze eta estrategia egokiak diseinatzeko. Martínen iritziz, “aldagai sozioekonomikoak oso garrantzitsuak dira pertsonen osasuna ulertzeko. Gure osasuna ez da bakarrik gure genetikaren eta osasun-sistemaren araberakoa, bizi-baldintzak ere oso garrantzitsuak dira osasun hobea, zahartze osasuntsuagoa eta bizi-itxaropen handiagoa izateko. Batzuetan, iruditzen zaigu osasun-sistema unibertsala izateak berekin dakarrela jende guztiak osasun hobea izatea, baina osasuna ez da bakarrik osasun-politikekin zaintzen, baita hiri-politikekin, lan-politikekin eta abarrekin ere”.

Argazkia: Unai Martin, EHUko OPIK taldeko ikertzailea. 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude