“Estaltzeko” eraikuntza proiektua “urrian” esleituko da I
Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatua Bizkaiko Batzar Nagusietako Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordera etorri da gaur, oposizioak eskatuta. Talde Bereziak (PP) Artatzako eta Avanzadako lanen gainean egindako galderak eztabaida eragin du Pradales eta oposizioko talde politikoen artean.
Aldundia Avanzadan, Artazako biribilgunearen ondoan, “errepideko segurtasuna hobetzeko eta trafikoa arintzeko”egiten ari den lanei dagokienez, Pradalesek adierazi duenez, lan horiek abuztuan bukatuko dira, Covid-19ak eragindako jardueraren eteteak behar horietan eragina izan duelako. 1.126.368 euroko kostu osoa daukan obren lehenengo fasea joan dan martxoaren 27an bukatu zen, trafikoa Getxoko noranzkoan antolatzeko. Une honetan egiten ari direnen helburua, Artazako biribilgunetik gertu dagoen errepideko zatiaren “ahalmena, segurtasuna eta ikusgaitasuna” hobetzea da, Pradalesen arabera.
Diputatuak adierazi duenez, obra horiek ez dute “zarata eraginaren gaineko azterlanik” behar. Hala ere, Aldundiak bere azterlanak egin ditu, eta azterlan horietan ikusten denez, jarduketaren ostean inguruko zarata mailak “behera egin du”. PP taldeko Eduardo Andradek esan duenez, Leioa Martxan plataforma ez dago horrekin oso ados. Pradalesek azaldu duenez, Leioako Udala zarataren kontrako pantailak “handitzeko” aukera ari da aztertzen, eginkizun hori egitea ez dagokiolako foru erakundeari.
Bilbo Metropolitarreko sareko puntu garrantzitsu hori “hobetzeko helburuarekin”, arduradunak gogoratu duenez, une honetan, Aldundia Avanzadako “80 metro lineal estaltzeko” eraikuntza proiektua lizitatzeko prozesua ari da egiten, 1.998.960 euroren truke. Errepideko enbor horretatik egunero igaroten diren “130.000 ibilgailuen zarataren eragina murriztuko duen lehentasunezko jarduera da”. Proiekturako 24 hilebeteko gauzatze epea aurreikusten da, eta urrian esleituko da. Aurreikusitako egutegia betetzen bada, obrak “2023an hasi daitezke, faseka”, esan du.
Oposizioak adierazi duenez, sailak prestau duen “estalketa” horrek Leioako beste puntu batzuetara eramango du zarata, eta “partxe partzial” bat baino ez da izango. “Herritarrek egin duten moduan”, Leioako udalerritik igarotzean “errepide osoa lur azpian sartzea ekarriko duen soluzio integralaren alde agertu da”. Pradalesek, aitzitik, “teknikariei lan egiten utzi behar diegu, oraindik zehaztu barik dagoen ekimen bat hiltzen ari garalako”, adierazi du.