Aurrekontu Irekien hirugarren edizioa martxan da Proposamenak egiteko aukera zabalik dago otsailaren 28ra arte

Leioako Udalak asteartean ireki zuen 2022ko Udal Aurrekontuan herritarrek kontuan hartu beharreko ekarpenak egiteko epea. Zehazki, helburu horretarako partida 900.000 eurokoa izango da.

Leioako Aurrekontu Irekien hirugarren edizioa iragan astean hasi zen eta otsailaren 28ra arte luzatuko da, 16 urtetik gorako leioaztarrek euren proposamenak egin ditzaten.

2020a urte atipikoa izan zen zentzu guztietan, eta horrek eragina izan du aurrekontuen exekuzioan. Hala ere, Udalak “lehenetsi egin ditu aurreko parte-hartze prozesuan hautatutako proiektuak”, udal iturriek adierazi dutenez.

Prozesu horren helburu nagusiak honako hauek dira, Udalaren arabera: herritarrek Leioako behar nagusiak ezar ditzaten ahalbidetzea, herritarrak gizarte-bizitzako protagonista aktibo bihur daitezen erraztea, demokrazia parte-hartzailean sakonduz, eta hausnarketa aktiboa eta elkartasuna sustatzeko prozedura bat ezartzea, eztabaida-guneak sortuz ordezkari politikoen, bizilagunen, kolektiboen eta teknikarien artean.

Prozesua bi fasetan banatuta dago. Lehenengo fasean, herritarren proposamenak jasoko dira, otsailaren 28ra arte. Leioan erroldatutako eta 16 urtetik gorako edonork proposamenak bidali ditzake honako bideak erabiliz: Herritarren Arreta Zerbitzuan inprimakia beteta entregatuz; LeioaZabalik udal Gobernu Irekiaren Atariaren bidez edota postontzien bidez (15 postontzi jarri dira herriko hainbat puntutan).

Zalantzei edo bestelako kontsultei erantzuteko whatsapparen 688.763.620 telefono-zerbitzua erabili behar da.

Behin proposamenak jasota, horiek guztiak aztertu eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa lortu ondoren, amaierako 5 eta 10 proiektu arteko zerrenda egingo da.

Horiek izango dira, hain juxtu, bigarren fasera igaroko direnak eta herritarren botoen bidez aukeratu beharko direnak. Aurten, Udalak adierazi duenez, Herrigunetik datozen proiektuak ere baloratuko dira (ikaskuntza, parte-hartze eta trebakuntza prozesu kolektiboak bultzatzen dituen proiektua).

Behin bigarren fasea bukatuta, emaitzen txostena argitaratuko da Udalaren euskarri eta kominikabideetan, hautatutako 8-12 proiektuetarako herritarren lehentasun-ordenarekin (haztapen-irizpideak ezarri ondoren, etab.).

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude