Bihar, urtarrilak 26, EAEko gizarte zerbitzuen sektorean greba egingo da, sindikatuek deituta, “zaintza lanak aitortu orain” aldarrikatzeko. Hori dela eta, Bilbon manifestazioa egitera deituta daude sektoreko langileak. Lehenik eta behin, zutabeak antolatuko dituzte, gero denak batzeko hiriburuaren erdialdean. Plaza Eliptikoan batuko dira, 11:30ean, manifestazioa burutzeko.
“Aspalditik salatzen genituen ixileko zenbait egoera agerian geratu dira Covid 19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz. Oinarrizko lanetan jarduten dutenen, gehienetan emakumeen, egoera prekarioa agerian geratu da. Inolako aitortzarik gabe aritzen dira eta aldi berean bizitza, guztion bizitzak, sostengatzen dituzte”, dio LABek.
Sindikatuak salatzen duenez, “erakundeek ez dute inolako neurririk hartu eta datorren urterako aurkeztutako aurrekontuek ere ez dute norabide aldaketarik erakusten. Alderantziz, etxean geratu behar dugula errepikatzen digute behin eta berriz, gure arteko hartuemanak mugatu behar ditugula, baina zerbitzu publikoak indartzeko inolako neurririk ez”.
LABen ustetan, ausardiaz jokatzea eskatzen du egoerak. “Bestelako oinarri bat duten zerbitzu publikoak behar ditugu, borrokatu behar ditugu Zentzu honetan, EAEko gizarte zerbitzuen sektorearen greba ez dagokie soilik bertako langileei. Zerbitzu hauen hartzaile garen heinean, guztioi dagokigu, irabazien ordez gure beharrak lehentasun izango dituzten zerbitzuen alde borrokatzea”.
“Osasungintzan, hezkuntzan, helduen egoitzetan ari dira mobilizatzen, denontzat hobea izango den eredu baten alde”, dio LABek. “Baina ezin ditugu bakarrik utzi, besteoi ere badagokigu bere momentuan txalotu genituen bezala gure babesa adieraztea, beraien ondoan borrokatzea”.
Horrexegatik, eta pandemiaren aitzakipean banandu nahi bagaituzte ere, “denon artean egin behar dugu zerbitzu publikoen alde”. “Elkarrekin indartsuago gara”, dio LABek.