«Biziraupenaren aldeko borroka hau ez da jasaten ari garen pandemiatik kanpo geratzen»

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua

Maiatzaren Lehen hau apartekoa da. COVID-19ren pandemiak gure etxeetan sartu gaitu eta ezin dugu kalean gure aldarrikapenak eta mundu osoko langileekiko elkartasuna adierazi.

Gaur egun pentsiodunak gara, atzo langile kotizatzaileak izan ginen, eta erroldatu gabeko langileak izaten jarraitzen badugu ere, eduki sozial eta ekonomiko handiko lana egiten jarraitzen dugu, aitite-amama-aitona-amonak biloben arretan eta zaintzan, hala nola, batez ere emakumeok, etxeko lanetan; Gobernuz Kanpoko Erakundeen jardueran, gizarte-kohesioko agente gisa, eta hainbat erakunde eta jarduera kultural eta humanitarioetan.

Gure aldarrikapenen aldeko borrokak, orain pandemia gainditzeko borrokak baldintzatuta, gure memoriara ekarri digu bagenekiena, alegia, bizirik irauteko borrokatzea ez dela inoiz Langile Mugimenduarentzat ezezaguna izan. Historian atzera begiratzen badugu, ikusiko dugu beti aritu garela langileen bizi-baldintzak hobetzeko borrokan: lantoki barruko eta kanpoko osasunaren aldeko borrokan, soldata duinen aldeko borrokan, lanaldi egokien aldekoan… Izan ere, biziraupenaren aldeko borroka horren osagai dira horiek.

Biziraupenaren aldeko borroka hau ez da jasaten ari garen pandemiatik kanpo geratzen; osasun-krisiak agerian utzi ditu krisi ekonomikoa aitzakiatzat hartuta murrizketak izan dituzten Osasun, Prebentzio eta Mendekotasun Sistemaren gabeziak, eta oso garesti ordaintzen ari gara. 2008tik aurrera ezarritako austeritate politikek aberatsak aberatsagoak izatea lortu dute, enpleguaren prekarietatearen eta desberdintasun sozialen gorakadaren kontura. Ahalik eta denbora tarte txikienean ahalik eta onura handiena lortzeko helburu kapitalistak arriskuan jartzen du espezie gisa dugun biziraupenaren biodibertsitatea eta euskarri naturalak. RNA kate biriko soil batek eredu ekonomiko harrapari hau, ezbaian jarri du.

Langileen borrokek Osasun-Sistema Publiko eta Unibertsalak eraiki dituzte, eta Pentsio- Sistema Publikoak indartu dituzte. Horregatik, guk, egungo eta etorkizuneko Pentsio Publiko duinen alde borrokatzen dugunok, ikusten dugu gure aldarrikapenetako bi: gutxieneko 1.080 euroko pentsioa eta hileko 1.200euroko lanbide arteko gutxieneko soldata, osatu eta uztartu egiten direla maiatzaren 1arekin eta halaber gure Pentsiodunen Mugimendua, gaur egungo langile eta pentsiodunekin.

Konfinatuta gaude, baina ez gaude entzunarazteko ezinduak; ezin dugu onartu osasun- krisia aprobetxatuz, betikoak beren arazoak konpontzen saiatzea, baliabide publikoen eta gainerakoentzako austeritate-neurrien kontura. Gaur egun, lehentasuna pertsonak erreskatatzea da, bizi-baldintza duinak izan ditzaten.

Gure itxialditik, Maiatzaren Lehena honetan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak partekatutako aldarrikapenak premiazkoak direla berresten dugu, mobilizatzeko eta mugimendu feminista, gazte eta ikasle, sindikal, eta, oro har, sozialarekin bat egiteko dugun gaitasuna zabaltzeko lan egingo dugu, eta ahal den neurrian kaleak beteko ditugu, borroka hau irabazi egingo dugulako.

Azkenik, langile mugimenduaren nazioarteko egun hau dela eta, adierazi nahi dugu gure atsekabea, gaur bereziki, infekzioaren larritasunaren ondorioz, prebentzio baliabideak ez edukitzeagatik hildako osasun-langileengatik. Horrela egin genuen joan den 28an, Lan-Istripuen eta Lanbide-Gaixotasunen ondorioz hildakoak gogorarazten genituen egunean.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude