Datorren Aberri Egunean ‘une bat batera’ egitera deitu du Euskal Herria Batera-k ekimenak

Apirilaren 4ean, 12:30ean, Euskal Herria Batera ekimenaren Youtube kanalean jarraitu ahal izango da aurtengo Aberri Egun bereziko proposamena. «Une bat Euskal Herritarrok elkarrekin partekatzeko».

2021eko Aberri Eguna nola ospatu ahal izango den ez dago oraindik argi, osasun egoeraren ondorioz. Baina Euskal Herria Batera ekimenak egin du proposamen bat eta herritarei, eragileei, alderdiei eta sindikatuei dei egin die, apirilaren 4an honekin bat egin dezaten. Kirol, kultura eta gizartearen arlo ezberdinetako 44 norbanakok sinatu dute proposamena.

«2020ko Aberri Egun bereziak erakutsi zuen Euskal Herrian ere posible dela bateratasuna. Aski izan zen herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek elkarrekin keinu bat egiteko, bai eta hainbat gizarte eragilek, alderdik eta sindikatu ere ekimenarekin», adierazi dute Donostian egindako aurkezpenean. Gogora ekarri behar da iaz, balkoi eta leihoetara irten zirela herritarrak, konfinamendu garaian, ‘Txoria txori’ eta ‘Ikusi mendizaleak’ abestiak kantatzera.

Aurten, urrats bat harago doa eta ikus-entzunezko bat izango du oinarri, apirilaren 4ean, 12.30ean, Youtubeko haien kanalean jarraitu ahal izango dena. «Une bat Euskal Herritarrok elkarrekin partekatzeko; une bat sintonizatzeko. Gure mugikorretan bozgorailuen bolumena igo eta emisioa sintonizatuz. Euskal ikurrak jarriz», egin dute gonbidapena. Ikus-entzunezko hori jarraituz kantatu ahal izango dute aurten herritarrek.

Bakoitzak nahi duen tokian egin ahalko du aurten: iaz bezala etxean, edo herrian, edo naturan edo kultur-gune batean edo, diasporaren kasuan, euskal etxeetan.

Sare sozialak

Honen baitan eta osasun egoerak ematen dituen aukeren arabera herri eta auzoetan ekimenak antolatzeko aukera mahai-gainean jarri du Euskal Herria Baterak. «Bakoitzak adieraziko du Euskal Herria nola ulertzen duen».

Ekimen ezbedinei oihartzuna eman asmoz «familiaren, lagunen edo herriko plazaren argazki bat» ateratzea eta sare sozialetara igotzea proposatu dute, #EuskalHerriaBatera edo #AberriEguna2021 traolarekin edo info@ehbatera.eus helbidera igorrita.

Baina apirilaren 4a aurretik ere bakoitzak Euskal Herria zein abestirekin lotzen duen adierazteko eskatu dute, traola berak erabiliz. «Sare sozialetan, argazkiak edo bideoak igo. Zein kantarekin edo adierazpenekin lotzen duzu Euskal Herria? Kantu, dantza, marrazki edo beste edozein adierazpen artistikoren bidez, batzen gaituen Euskal Herriarekin nola amets egiten dugun adierazi».

Udalbiltzak bate egin du Euskal Herria Baterak egindako deialdiarekin I Argazkia: Udalbiltza

Udalbiltzak bat egin du deialdiarekin

Udalbiltzak bat egin du Euskal Herria Batera ekimenak egindako proposamenarekin, eta Aberri Eguna ospatzeko proposatzen diren keinuetan parte hartzera animatzen ditu hautetsiak eta herritarrak.

Aurtengoan Euskal Herria Batera dinamikak “plazetara jauzi egiteko gonbita luzatu die euskal herritarrei, keinu bat batera egiteko. Ospatzeko ikus-entzunezko seinale bat emango dute tokiko telebista eta irratietan, baita sarean ere. Elkar zainduz, herri bakoitzeko plazetan elkartzeko deia egin du Euskal Herria Batera-k, seinalea jarraitu, herriko musikariekin kantaldiak antolatu eta Euskal Herri burujabe bat aldarrikatzeko”.

Udalbiltzak adierazi duenez, bere hautetsi eta udalak animatzen ditu “datorren apirilaren 4ean keinu bat batera egitera”.
Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude