EAEko Auzitegiak “euskaldunon hizkuntza eskubideak jomugan ipini ditu”, dio EH Bilduk

EH Bilduren aburuz, larria eta kezkagarria da Auzitegi Nagusiak Udal Legeaz hartutako erabakia, Konstituzionalak euskararen erabilera arautzen duen artikulua baliogabetzeko arriskua agerikoa delako

EH Bilduk “erabateko desadostasuna” adierazi du EAEko Auzitegi Nagusiak Udal Legeaz hartu berri duen erabakiarekin, “atea zeharo ireki duelako euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako beste eraso bat gauzatzea posiblea izan dadin. Euskararen erabilera arautzen duen Udal Legearen artikulu bat Konstituzio espainolaren aurkakoa izan daitekeela ebatzita eta, horren ondorioz, Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera mahai gainean jarrita, EAEko Auzitegiak euskara zein euskaldunon hizkuntza eskubideak jomugan ipini ditu. Gainera, Konstituzionalaren osaera eta jokaera zein diren jakinda, Udal Legearen zati hori indargabetzeko arriskua bistakoa da”.

EH Bilduren aburuz “euskarak eta euskaldunok pairatzen dugun enegarren erasoa da, horrelakoak etengabeak izaten direlako. Ezin ahaztu duela gutxi epaile berberek Irungo Udaltzaingoan hamabi lanpostu betetzeko prozesua bertan behera utzi zutela euskaraz ez dakitenentzat diskriminatzaileak zirelako argudioarekin”.

EH Bilduk gogora ekarri nahi izan du Udal Legea Gasteizko Legebiltzarrak onartu zuela ohikoa ez den akordio politiko zabal-zabal baten ostean. “Legeak, beraz, zilegitasun politiko eta sozial osoa du eta oso larria da, nork eta Voxek jarritako helegite baten bitartez, Parlamentuaren erabaki legitimoak modu honetan atzera botatzen saiatzea Estatu eredu birzentralizatzaile eta asimilazionistan sakontzeko”.

Erasoak eraso, EH Bilduk “ez du etsiko eta bere konpromisoa berresten du kalean zein erakundeetan herri honek duen erabakitzeko eskubidea eta euskaldunon hizkuntza eskubideak babesteko” adierazi du.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude