EAEko Parke Teknologikoen 35.urteurrena ospatzeko erakusketa Leioan

Leioako Sabino Arana etorbidean erakusketa berezi dago atzotik aurrera, aire zabalean: bere 35. urteurrena dela eta irudi, azalpen-panel eta QR kodeen bidez Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren (BPZT-PCTB) historia, ibilbidea eta egungo errealitatea azaltzen dituzten burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolito. Abanto-Zierbenan ikusgai egon den erakusketa abuztuaren 1era arte egongo da Leioan, Sabino Arana etorbidean, eta, ondoren, Bilbora, Deriora eta Zamudiora joango da.

Erakusketa atzo inauguratu zen Leioan, Itziar Epalza Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusia bertan zela, Iban Rodriguez herriko alkatearekin batera, beste agintari eta gonbidatu batzuen artean.

Leioak, Derio-Zamudioko mugetatik kanpo Bizkaiko parkearen lehen hedapenaren egoitza delako hartzen du parte erakusketa ibiltari honetan, unibertsitate baten eta parke teknologiko baten arteko lankidetzaren esperientzia aitzindaria. Ekimen hori, BPZT-PCTBren kanpus anitzeko eredua, aitzindaria izan zen Estatuan. Ondoren, Estatuko beste parke teknologiko batzuek jarraitu zuten eredu bera. Gaur egun ekoizpen-sektorera bideratutako ikerketa-jarduerak biltzen eta unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanak sustatzen dituen egoitza bat hartzen du Leioako kanpusean.

UPV/EHUk Leioan duen Parke Zientifikoak Basque Center for Climate Change (BC3) zentroaren egoitzaren lehenengo solairuan hasi zuen bere jarduera, eta gero beste hiru BERC gehitu zitzaizkion: Achucarro, BCAM eta Ikerbasque. Gainera, kanpus zientifikoak Animalien Bioteknologiako “María Goyri” zentroa, “Martina Casiano” Plataforma Teknologikoa, eta neurri batean Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC) mende dagoen Biofisika Unitatea ditu.

Epalzak adierazi duenez, erakusketa publiko honen bidez “Bizkaiko biztanle guztiei 35 urte bete dituen ibilbide arrakastatsua helarazi gura diegu. Eta aldi berean, parke teknologikoen funtsezko eginkizunari, egungo errealitateari eta ilusioz betetako etorkizunari buruzko mezua helarazi, talentua eta ezagutza batzen dituen eta oraina hobetzeko eta gizartearen etorkizuna sortzeko lan egiten den ingurunean”.

Iban Rodriguez Leioako alkateak Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren ibilbidea ospatu zuen, eta, aldi berean, 2016an parkea UPV-EHUren ondoan udalerrian hedatzeak Leioarako izan zuen garrantzia azpimarratu zuen. “Leioako Parke Zientifikoa hazten ari bada ere, poz handia eman digu dagoeneko, eta ikerketa, berrikuntza eta ikaskuntza lana indartzen jarraituko duelakoan gaude”.

“Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna”

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ lelopean, aire zabalean ikusteko diseinatutako erakusketa da, eta burdin forjatuz eta corten altzairuz egindako 10 monolito handi ditu. Bi aurpegietan Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren 20 irudi ageri dira, azalpen-panel elebidunekin, eta mugikorraren bidez hainbat azalpenbideo eskuratzeko aukera ematen duen elementu interaktibo batekin batera (QR kodeak).

Ezohiko formatuarengatik, eta Pedro Luis Ajuriaguerra muskiztarrak Parkearen historia, ibilbidea eta egungo eta etorkizuneko errealitatea islatzeko aukeratu dituen irudiengatik nabarmentzen da erakusketa. Artista autodidakta da, lehiaketa eta erakusketa ugariren bidez nazioartean errekonozimendua lortu duena, eta argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmentzen dena.

Erakusketa gaikako hainbat arlotan egituratzen da: parkearen jatorria, ingurune pribilegiatua eta ingurune naturalaren iraunkortasunaren eta zaintzaren aldeko apustua, horrek bultzatu duen industria eta ikerketa binomioa, teknologiaren sustapena, bere barruan garatu diren hainbat sektore eta zentro teknologiko, eta baita Derio-Zamudioko jatorrizko egoitzatik kanpora egin diren hedapenak ere: UPV/EHUren Zientzia Parkea eta Bizkaiko etorkizuneko Teknologia Parkea Ezkerraldea-Meatzaldean, energiaren sektorearekin lotutako jarduerak erakarriko dituena.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude