EH Bildu: “Europako funtsekin finantzatzeko Jaurlaritzaren proiektuek ez dute ez ikuspegi estrategikorik, ez herri ikuspegirik”

EH Bilduk gogor kritikatu du Lakuak Gobernu espainolari bidalitako 11.600 milioiko zerrenda eta instituzio eta eragileekin adosteko eskatu dio Urkulluri I Ia erdia AHT eta Iberdrola eta Petronorren proiektuetara doa eta herrialdeen arteko desoreka ere nabaria da: Jaurlaritzak Bizkaian garatuko lituzke ia bere proiektu guztiak, Araban bat ere ez.

Jaurlaritzak abuztuaren 12an helarazi zion Gobernu espainolari Europar Batasunak, pandemia dela eta, bideratuko dituen funtsekin finantzatu beharko liratekeen proiektuen zerrenda, baina zerrenda ez da publikoa izan EH Bilduk Legebiltzarrean espresuki eskatu arte. Mikel Oterok gaur Urkulluri esan dionez, “zerrenda ikusi dugunean ulertu dugu zergatik ez duzuen argitara atera; sinestezina da, presaka eta korrika egindako kaskarkeria baino ez da”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, “ikuspegi estrategikoa falta da, ez dago herri ikuspegirik, ez eta kohesiorik ere, eta Jaurlaritzak ez ditu kontuan hartu ez aldundiak, ez udalak, ez unibertsitateak, ez sektore industrial zabalak; zerrenda ikusita, erraz ikusten da norekin hitz egin duen: Tapia sailburuarekin, Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarekin, Petronorrekin eta Iberdrolarekin”. Izan ere, Jaurlaritzaren proposamena 11.600 milioi eurokoa da (2020tik 2030ra bitartean gauzatzeko) eta zenbateko horren ia erdia “AHT eta Iberdrola eta Petronorren proiektuetara doa”. Halaber, “ez dago lurralde kohesiorik”, herrialdeen arteko desoreka nabarmena baita: Lakuak zuzenean bultzatuko lituzkeen proiektu ia guztiak Bizkaian garatuko lirateke; Araban, aldiz, bat ere ez.

Hori horrela, Oterok instituzio eta bestelako eragileen ekarpenak jasotzeko bideak ireki ditzala eskatu dio Urkulluri, Europako funtsekin finantzatu beharreko proiektuak zehaztearren “alde interesatu guztien parte-hartzea ezinbestekoa delako, funts horiek benetan herri gisa ditugun erronketara bideratzeko”. Erantsi duenez, “ezin dugu onartu udalek beraien eraldaketa proiektuak aurkezteko biderik ez izatea, ez eta sektore interesatu zabalek leihatila garden bat ez topatzea funts hauetara heltzeko”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude