EH Bildu: “Neurri murriztaileekin batera sektore kaltetuenentzako laguntzak eman behar dira”

Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren hedapena geldiaraztea helburu duten neurriak ezagutu ostean, EH Bilduk azpimarratu du “edozein neurri murriztailek sektore kaltetuenentzat laguntzak izan behar dituela beti ondoan”. Oraindik ez da horrelakorik gertatu, ezker subiranistak bere jarduera parlamentarioan egiaztatu duen bezala.

EH Bilduk argi dauka “tamaina honetako larrialdi egoera batean osasuna izan behar dela lehentasun bakarra”. Eta azpimarratu du” osasunik gabe ez dagoela ekonomiarik”. Neurri murriztaileekin bakarrik “ez da lortuko arazoa konpontzea”, adierazi EH Bilduk. Lehenengo agerraldian, ezker subiranistak berretsi zuen atera beharreko “ikasgai nagusia zela beharrezkoa dela osasunean eta zerbitzu publikoetan inbertitzea”. Baina, erakunde subiranistaren arabera, “azken hilabeteotan ez da horrelakorik gertatu. Oinarrizko gizarte-zerbitzuetan aurreikuspenik eta inbertsiorik egon ez denez, pandemiari eta horrek sortzen dituen ondorio sanitario, sozial eta ekonomikoei aurre egitea asko zailtzen ari da”.

Herri honek parean daukan “erronka oso handia da, azken hamarkadetako handienetakoa. Bizi dugun larrialdi honen aurrean, auzolanean elkarrekin lan egin behar da”. Hori dela eta, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eta Urkullu lehendakariari eskatu die “ahalik eta lasterren sor dezatela sektorearteko mahai bat, eragile instituzional, politiko, ekonomiko, sozial eta sindikalek parte har dezaten, gaian adituekin batera, pandemia honek eskatzen dituen irtenbide guztiak denon artean bilatzeko helburuarekin”. Ildo horretan, gogorarazi du “Alarma Egoera Estatuari eskatzearen erabakia Urkulluk bere kabuz hartu zuela, oposizioko alderdiekin hitz egin gabe. Eta gaur hartutako neurriak ere ez dituela alderdi politikoekin kontrastatu. Herri honetan dauden indar guztiak elkartuta eta erabakiak partekatuz bakarrik atera ahal izango gara bizi dugun krisialditik”, esan du EH Bilduk.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude