EH Bilduk “herritarren beharrei eta Leioako arazoei konponbideak planteatuko ditu “herriko elkarteekin eta bizilagunekin batera”

Gaur, maiatzak 20, EH Bilduk herrian zehar egindako bizikleta-martxaren bukaeran bere alkategai den Mari Jose Peleteirok adierazi du ez direla gutxi Leioak dituen arazoak: “Kurkudin eraiki nahi duten kiroldegi pribatua eta autobide berria, Avanzadaren eta metroa ez lurperatzea herria osoan zehar, Las Vegas auzoaren egoera onartezina, Lamiako-Txopoetarako tokiko Gobernuak (EAJ-PNVk eta PSEk) planteatzen duen etxebizitza kopuru handia eta padura berreskuratze mugatua, Pinueta auzorako zegoen eraberritzea kajoian gordeta uztea eta abar”.

Peleteirok esandakoaren arabera “beharrak handiak dira, eta batzuek, horiei  erantzun egokiak eman ordez, arazo sortzaile gisa jokatu dute, herritarrekin herria diseinatu ordez, enpresa eta interes pribatuak lehenetsiz”.

EH Bilduren alkategaiaren aburuz, aldiz, “gure proiektu eta proposamenak jendearen interesak eta beharrak konpontzerari begira proposatuak izan dira, eta herriko elkarte, gazte, feminista eta herritarrekin batera planteatuko ditugu aurrerantzean ere, haiek entzunez eta haiekin batera jardunez, proposamen eta politika berriak mahai gainean jarriz”.

Gazte eta emakumeen aldeko politikak

EH Bilduren alkategaiak dioenez, udaletik “gazteen aldeko politika berriak bultzatzeko, Gazte Faktoria sortuko dugu, haien sormena eta gaitasunak gara ditzaten, eta etxebitza eskuragarri jartzeko, alokairuzko etxebizitza sozialak bultzatuko ditugu”. Ildo beretik, Udondoko Ikaztegi zaharraren lur-zoruan Emakumeen Etxea, lurazpiko udal aparkalekua eta alokairu sozialeko gazteentzako 40-50 etxebizitza eraikitzeko asmoa duela EH Bilduk adierazi du. Era berean, “politika feministak udal eremu guztietan txertatzeko beharra” azaldu du.

Beste alde batetik, Peleteirok esan du posible dela herri osasuntsuago, integratuago eta euskaldunago baten bidean aurrera urratsak ematea, horretarako “bitartekoak jendeari eskuragarri jarriz”. Horretaz gain, EH Bilduk herriko hondasun naturalak eta trantsizio ekologikoaren aldeko “neurri berri ausartak” bultzatzearen alde egingo duela adierazi du.

Aurrekoaz gain, Leioa osatzen duten auzo ezberdinetako beharrei erantzungo dien udal gobernua defendatu du alkategaiak. Ildo beretik, herriko nagusiak zein gazteak zainduko dituen tokiko gobernu baten alde egin du, batzuk zein besteak entzunez eta proposamen berriak eginez zainketen arloan eta aisia-, kultura- eta kirol-politiketan besteak beste”.

Mari Jose Peleteiro, azkenik, EH Bildurenak ez direla “hauteskunde-kanpainean egindako promesak, baizik eta datozen 4 urteetarako konpromisoak, hemen bizi garen pertsona guztiok bizi gaitezen merezi dugun herrian”, norabide horren alde datorren igandeko hauteskundeetan bozka ematera deituz “aurrera-urrats garrantzitsua eman dezagun”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude