EH Bilduk Ostalaritzaren Erreskate Plana aurkeztu du, sektorea hondamendira ez joateko

EH Bilduk autonomo guztiek laguntzak kobratzeko proposamena egin du: 600 eta 1.200 euro artekoak jarduera eteten dutenentzat, 400 eta 800 euro artekoak %25etik gorako galerak dituztenentzat

EH Bilduk Ostalaritzaren Erreskate Plana aurkeztu du, Legebiltzarreko Osoko Bilkurara eramango duen proposamena, sektorearen egoera eta, oro har, autonomo guztiena benetan larria delako, pandemiak eragin duen krisiaren ondorioz. Ostalaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomian duen garrantzia (13.000 establezimendu, 62.000 lanpostu) azpimarratu ostean, Iker Casanova parlamentariak ohartarazi du azken urtean enpleguaren %6,5 galdu duela. “Sektorea oso krisi sakonean murgilduta dago, enpresa askoren egoera jasangaitza da eta, berehalako neurriak hartu ezean, denbora kontua da enpresa gehiago ixtea, okerrena etortzeko dagoelako”. Izan ere, pandemiak eskatu dituen murrizketek bereziki kolpatu dute ostalaritza eta litekeena da datozen egun eta asteotan neurri murriztaileak areagotzea, sektorea are gehiago astinduz. “%50eko edukiera duen negozio batek ezin die %100ean mantentzen diren gastuei aurre egin”.

Laguntzak jarduera eteten dutenentzat eta ohiko diru-sarreren %25etik gorako galerak dituztenentzat

Hori dela eta, EH Bilduk ostalaritzaren erreskate plan bat proposatu du, langile autonomo guztiei zabalik dagoena, Casanovak argitu duenez. Erreskate planak aurreikusten dituen neurrien artean,hilean 600 eta 1.200 euro arteko laguntzak aipatu ditu legebiltzarkideak, Administrazioak aginduta edo diru-sarreren jaitsierak behartuta, jarduera eteten duten autonomoentzat. Laguntzak 400 eta 800 euro artekoak lirateke ohiko diru-sarreren %25etik gorako galerak egiaztatzen dituzten autonomoentzat. Halaber, koalizioaren proposamenak Jaurlaritzak apirilean ireki eta itxi zuen autonomoentzako laguntza programa berreskuratzea planteatzen du. Une hartan, Lakuak ia 16.000 eskari jaso zituen, baina ia 10.000 laguntza barik geratu ziren aurrekontu-partida berehala agortu zelako. EH Bilduk deialdi hartan eskatutako laguntza guztiak, baldintzak bete zituztenak, ordain ditzala eskatzen dio Gobernuari.

Alokairuen zama arintzeko txosten juridikoa egitea

Erreskate planak alokairuen zama arindu beharra ere aintzat hartzen du talde soberanistak. Hala, EH Bilduk txosten juridikoa egiteko galdegin dio Jaurlaritzari, aztertzeko zein izan daitekeen bide legala alokairuen prezioak jaisteko, negozioen diru-sarrerak murrizten diren neurri berean. Zerga-zorrak geroratzea eta zergen zein Gizarte Segurantzaren kotizazioen ordainketa etetea ere proposatu du, bai eta turismo eta merkataritza sektoreetako mahaiak biltzea ere, sektoreko eragile guztiekin batera susperraldi plan integralak adosteko.

Iker Casanovak adierazi duenez, EH Bilduk Ostalaritzaren Erreskate Plana proposatzea erabaki du, sektorea “instituzioek abandonaturik” dagoelako. Une honetan, azaldu du, laguntza bakarra dago, enpresa ixtekotan Gobernu espainolak ematen duena, 500 eurora ere iristen ez dena. “Miseriazko laguntzak dira, euren negozioa itxi behar izan duten milaka pertsona miseriara kondenatzen ari dira”.

Horri jarraituz, Jaurlaritzaren inakzioa gogor kritikatu du Casanovak. “Une honetan ez dago ezer, laguntza bat ere ez; sektorearekiko erakusten ari den sentsibilitate falta sinestezina da, mespretxu aktiboa. Laguntzak (apirilekoak) ez dira nahiko izan eta gehiago egiten ez badu, hala erabaki duelako da, nahita, baliabide ekonomikoak izan badituelako; AHTren 5-10 kilometroko inbertsioa nahikoa litzateke sektorea salbatzeko”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude