EH Bilduk Udondo Gaztetxearen utzarazpena baino lehen gazteekiko elkarrizketa bidea jorratu ez izana kritikatu du

Atzo, ekainak 11, herriko Udondo Gaztetxea hustu zuten, Leioako Udalak eraikina aurri-egoeran zegoela deklaratu ostean. Udal erabaki horren ostean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak (eraikinaren jabea) eraikina husteko eskatu du, eraikina eraisteko. Gaztetxea 20 urte inguru egon da atzo hustutako eraikinean.

Atzoko eraispena dela eta EH Bildu Leioak Udondo Gaztetxearen utzarazpena baino lehen Gaztetxearen gazteekiko elkarrizketa eta negoziazio bidea jorratu ez izana eta Udalaren oposizioko taldeei informaziorik eman ez izana kritikatu du. Bestalde, talde soberanistak Udaltzaingoari “bere funtzioen barruan sartzen ez diren jarduera batzuetan parte hartzeko agindua” eman izanari kritika egin dio, “beste behin ere udaltzaingoa gatazka sozialeko egoeretan jarduten duen polizia bilakatuta”. EH Bilduk dioenez, ezkerreko taldeak “informazioa eta bitartekaritza lehenesten duen udaltzaingo-eredua”  defendatzen du.

EH Bilduren udal taldeak azpimarratu du Leioan gazteentzako aisialdirako espazio falta dagoela: “Leioako gazteek aisialdirako guneak behar dituzte, lokalak behar dituzte beren jarduerak eta proiektuak garatu eta egin ahal izateko”.  Ezkerreko subiranistek diotenez, “herritarrek, eta bereziki gazteek, gune autogestionatuak izateko eskubidea dute”, eta uste dutenez, “larria da herritarrek eta asoziazionismoak espazioak behar dituzten bitartean, udalak hutsik eta erabiltzen ez diren udal lokalak mantentzearen aldeko apustua egiten jarraitzea”.

Langileak, sarrera ixten adreiluekin I Argazkiak: EH Bildu Leioa

EH Bildu Leioak gogoratu du herriko aurreko Gaztetxea izan zen Mendibile Gaztetxea hustu egin zuela Udalak “gazteentzako kultur gune bilakatzeko aitzakiarekin. Oraina denok ezagutzen dugu, Mendibile Jauregia negozio pribatu bilakatu da eta udalerriari eta gazteei egiten dien ekarpen kulturala ia-ia hutsaren hurrengoa da”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude