Egunarekin bat egiteko Gai gara bideoa egin du UPV/EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak. “Bideoarekin agerian utzi nahi izan dugu unibertsitate aurreko ikasketak egiten ari diren gazteek nola ikusten duten emakumeek zientziaren munduan duten egoera”.
Eta bideoan agertzen diren neska-mutilekin bat datoz: “ez gaude ados egungo egoerarekin, bidegabea da. Gainera, neska-mutil horien baikortasuna partekatu nahi dugu, baita euren gaitasunekin duten konfiantza ere. Baina baikortasun hori gizon-emakumeen eskubide eta aukera berdintasunean aurrerapausoak ematearekin justifikatzeko, ekintzak beharrezkoak dira; lan egiten jarraitu behar da”.
EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren jomuga horixe dela diote bere arduradunek. “Horregatik, guretzat, bihar emakume eta neska zientzialarien eguna izango da, gaur bezalaxe”.
Gai gara K2000 enpresak ekoiztu du, Jose A. Pérez Ledok zuzendu du. Musika Borrtexek (Christmas Tree) sortu du eta Bizkaiko Begoñazpi Ikastolan (Bizkaia) grabatu da.