Ekarpenen Legeari buruzko akordioak ez die udalei euren eskumenak betetzeko  finantzazioa bermatzen

Eudel lege berriaren negoziazio prozesutik kanpo egon izana kritikatu du EH Bilduk, udal eskumenen finantzazioa gakoetariko bat zelako

EH Bilduk Finantzen Euskal Kontseiluak berretsi duen Ekarpenen Lege berriari buruzko akordioak ez duela EAEko egitura instituzionalean udalek duten garrantzia behar bezala aitortzen eta ez die euren eskumenak betetzeko behar duten finantzazioa nahikotasunez eta modu egonkorrean bermatzen adierazi du. “Horixe zen lege berriaren helburu garrantzitsu bat, baina Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek adostu dutena, alegia, itundutako zergetan udalen portzentajea %37,33tik %39,23ra igotzea, ez da nahikoa herritarrei zerbitzu duin eta kalitatezkoak eskaintzeko gaitasun ekonomikoa ziurtatzeko”, esan du talde soberanistak..

Koalizioaren iritziz, Lakuak eta aldundiek kozinatutako akordioa motz geratzen da arlo horretan, besteak beste, udalen elkartea (Eudel) legearen negoziazio prozesutik kanpo geratu delako. “Negoziazioen gakoetariko bat udal eskumenen finantzazioa izanik, Eudelek protagonismo handiagoa izan beharko zuen prozesuan zehar, areago udalek gero eta eskumen gehiago dituztela kontuan hartuta, baina, horren ordez, Eudelen funtzioa Gobernuaren eta aldundien arteko akordioa ontzat ematera mugatu da”, esan du EH Bilduk.

Halaber, akordioak “ez du konpontzen Arabak eta Gipuzkoak historikoki salatu ohi duten Ekarpenen Legearen arazoa, koefiziente horizontalena, Jaurlaritzak eta aldundiek herrialde bakoitzari dagokion portzentajea aldatzeari uko egin diotelako”, EH Bilduren iritziz. “Zalantzagarria da herrialdeen arteko desorekak konpontzeko sortu zuten Egokitzapen Funtsera bideratzen den bilketaren portzentajea %1etik %1,45era igotzea benetako konponbidea izango ote den”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude