“Jolasa ikaskuntzarako, garapen pertsonalerako eta hazkunde kolektiborako tresna gisa ulertzea Herrigune Efektua kanpainaren espiritua da”, tokiko erakundeak dioenez. Jenga jolasarekiko analogia baten bidez, eta “Jolastu, Eraiki, Parte hartu” goiburupean, “leioaztarrek beren burua zabaltzeko eta, kontzienteki zein ez, beren bizitzei jolasak ekartzen dien aberastasun guztia ezagutzeko behar diren tresnak eskura izango dituzte”, diote ekimen honen bultzatzaileek.
Jenga swahiliren hitza da eta eraiki esan nahi du. 54 piezek osatutako talde-jolasa da, zeinetan solairu bakoitzean hiru pieza dauden dorre bat osatu ostean, parte hartzaile bakoitzak, txandaka, piezak atera behar dituen eta goialdean jarri. Jolasaren helburua ahalik eta dorrerik altuena osatzea da berau eraitsi barik. Jolasaren dinamikak “Herriguneren baloreekin dituen antzekotasunak begi-bistan daude: pieza guztiek balio bera dute, elkarrekiko babesa eta laguntza ezinbestekoak dira aurrera egin ahal izateko, jokalariei erabakitzeko askatasuna ematen die, eta hautabide berriak eskaintzen ditu, adibidez, eraitsitakoa berreraiki eta berriro hasi. Honez gain, jolas guztietan legez, esperimentatzeak ikaskuntza dakar”, kanpaina honen sustatzaileen aburuz.
Jenga Truck
Iragan asteazkenetik eta otsailaren 2ra arte, Jenga Truck kamioia kaleetatik ibiliko da Leioako 20 puntu jolaserako gune mugikor bihurtzeko – ibilbidea leioazabalik.leioa.net/herrigune-leioa webgunean ikus daiteke –. Goizez 10:30etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara, kamioian beti joango da monitore bat eta entrenamendu bezala balioko du Herrigunek datorren otsailaren 3rako proposatzen duen Jenga Eguneko erronka komunitariorako: denon artean ahalik eta dorrerik altuena eraiki.
12:00etan Leioako Sabino Arana kalean erronka hasiko da (euria balitz, STOAn). 100 mahai jarriko dira 100 Jengarekin, eta parte hartzaileek, taldeka antolatuta, aukera izango dute nahi beste aldiz Jengako dorre altu bat eraikitzen saiatzeko. Gehienezko altuera lortu dutela uste dutenean, epaile bat hurbilduko da hura neurtzeko. Azken emaitza dorre guztien batuketa izango da.
Parte hartzeko antolatu behar da sexu eta adinari dagokienez anitza den talde bat eta izena eman 944029780 telefonora deituz, taldearen izen-emate orria Leioan zehar egongo diren Jenga buzoietan sartuz, edo Jenga Truck monitoreari orria emanez.
Edizioaren atrakzio handienetako bat Leslie Scott, Jengaren sortzailea, Leioan egotea izango da. Scott andrea otsailaren lehenengo asteburuan Leioara etorriko da Jenga Truck ekintzetan parte hartzera. Gainera, hitzaldi partehartzaile bat emango du eta Ohorezko Epailea izango da Jenga Eguneko erronka komunitarioan.
Herriguneren Lantaldeak
Halaber, Herrigunen parte hartzen duten lantaldeek ere euren protagonismoa izango dute, Jenga Truck-ek Lantaldeek (hiritarren taldeak) antolatutako jarduerak ere eramango baititu urte osoan zehar egiten duten lana ikusarazteko. Talde hauek pertsona heterogeneoek osatutakoak dira, helburu komun baten inguruan elkartuta euren interesekin lotutako jarduerak egiteko eta ezagutzak partekatzeko biltzen dira.
Oraingoz, Herrigunek zortzi Lantalde dauzka: Eskulanak, Margolanak eta Konpontzelanak, sorkuntzarekin zerikusi handiago duten arloetakoak; Trantsizioa, iraunkortasunaren bila; Ekotalde, adin desberdinetako gazte-taldea haurren parte hartzea sustatzeko, eta Frantsesa, Ingelesa eta Euskera, hizkuntzak ikasteko gunea. Jakin-nahiak dituen edozein herritarrek bere Lantaldea osatu edo jadanik existitzen batean parte har dezake.
Info +