Igandeko giza katean parte hartzeko deia egin die EH Bilduk herritarrei

Maddalen Iriartek, Miren Larrionek eta Jasone Agirrek igandeko giza-katearen garrantzia azpimarratu dute, “Estatu espainolari argi uzteko euskal herritarrok herri libre eta demokratiko batean bizi nahi dugula”

Hauteskunde autonomikoetan EH Bilduren zerrenda-buruak izan zirenak, Maddalen Iriarte gipuzkoarra, Miren Larrion arabarra eta Jasone Agirre bizkaitarra, Gure Esku Dago-k antolatutako giza katean izango dira datorren igandean, eta gaur ekimen horretan parte hartzera dei egin diete euskal herritar guztiei, “guztiok batera aldarrikatzeko gure etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten dugun borondatea errespetatua izateko dagokigun eskubidea eta gaitasuna daukagula”.

EH Bilduren ordezkariek Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katearen garrantzia azpimarratu dute, “une honetan, Estatu espainolaren inboluzioaren aurrean, argi laga behar dugulako euskal herritarrok herri libre eta demokratiko batean bizi nahi dugula, gure erabakien jabe izan nahi dugula”. Euren esanetan. “momentua da kaleak betetzeko Madrilen ozen entzun dezaten erabakitzeko eskubidearen aldarria; igandean aukera ederra daukagu Estatua erakusten ari den maila demokratiko eskasari erantzun sendoa emateko”.

155. artikulua Kataluniari ez ezik, Euskal Herriari ere aplikatu dakiokeela eta Estatua “herritar guztien oinarrizko eskubideak inolako erreparorik gabe urratzeko” prest dagoela ohartarazi ostean, Iriartek, Larrionek eta Agirrek ezinbestekotzat jo dute “gure erabakiak hemen hartzea eta errespetaraztea”, hori baita bidea “jendearen ongizatea hobetzeko eta eskubide sozial eta ekonomikoak bermatzeko”.

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude