“Ikastolak, hezkuntza eraldatzen” leloa ari dira matrikulazio kanpainean erabiltzen

Ikastolen Elkarteak “Ikastolak, hezkuntza eraldatzen” izeneko kanpaina jarri du martxan elkartearen baitan biltzen diren ikastoletan matrikulazioa bultzatzeko. Diotenez, “ez dakigu zer ekarriko digun etorkizunak, baina badakigu zer etorkizun nahi dugun, eta bereziki, badakigu gure ikasleak nolakoak izatea nahi dugun etorkizunean, ikastola utzi eta munduratzen direnean”. Elkarteak atera duen aldizkarian azaltzen dutenez, hezkuntza eraldatzen ari dira “egungo erronkei erantzuteko; etorkizunari begira, biharko munduari begira, egungoa hobetzeko, egungoa eraldatzeko”.

Ikastolen Elkartean 111 ikastola batzen dira, 57.000 ikasletik gora dituztenak, milaka familia, eta 6.000 irakasle eta langile ez irakasle. Izaera kooperatiboa duten ikastetxeak dira ikastolak, eta taldean egiten dute lan. Ikastolek “Euskal Herri mailako ikuspegiarekin, hezkuntza eredu propioaren bitartez, euskaratik eta euskaraz, euskal curriculum ardatz hartuta, begirada etorkizunean jarrita ari gara lanean”, diote. Egungo gizartea ere eraldatu nahi dute “gizarte hobea, euskalduna, parekidea, berdea, bidezkoa, zoriontsua eta osasuntsua izan dadin.

Ikastolen matrikula kanpainaren irudietako bat I Argazkia: Ikastolen Elkartea

Gizarte berri hori eraikitzeko “gure ikasleak ikastola uzterakoan nolakoak izatea nahi dugun ere badakigu, gure irteera profilean marraztua dugu, beronen arabera antolatzen da ikaslearen ibilbidea, eta horretan dihardugu, egungo ikasleen garapenean eragiten, etorkizunean izan daitezen euskaldun konprometituak eta eleanitzak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabakitzaile kritikoak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, beren buruekiko konfiantzadunak, lankidetzan ikaskideak, erabaki hartzaile kritikoak, ekintzaile gogoetatsuak, jokabide kritikodunak, ikusmira zientifikodunak, orekaren zaintzaileak eta sortzaileak”.

Horretarako, gaineratzen dutenez, “etapaz etapa eta etapaz gaindi ari gara ikastolak hezkuntza eraldatzen. Hezkuntza paradigma berri bat abiatu dugu, martxan da etapa guztietan, eta proiektu eraldatzaileak ditugu haur hezkuntzatik hasi eta derrigorrezko bigarren hezkuntzaren osteko ikasketetaraino. Irakasle talde sendoarekin, familia konprometituekin, guztia elkarrekin ari gara aurrera eramaten. Hau ez da ikastola baten edo batzuen egitasmoa, guztiena baizik. Haurra ikastolan sartzen den momentutik haren garapen osoaren ikuspegitik eraldatu dugu pedagogia”.

Ikastola batetako DBHko ikasle talde bat I Argazkia: Ikastolen Elkartea

Espazioak eraldatzen

Pedagogia bezala, espazioak ere eraldatzen ari dira ikastoletan, “berauek eraldaketa pedagogikora moldatzen ari gara”, ikasgelaz harago, korridoreak eta bestelako txokoak ere izan daitezen ikasleen ikasketa prozesurako lagungarri. Barne espazioen eraldaketarekin batera, kanpo espazioetan ere eragiten ari dira, haiek berritzen eta, batez ere, haiek erabiltzen. “Espazio zabalak, naturarekin harremanduak, aire eta argi naturalaz baliatzeko eta ikasketa prozesuaren parte bilakatzeko”.

Info +

Ikastolen Elkartearen webgunea  http://www.ikastola.eus

Ikastolen matrikula kanpainarako aldizkaria  Aldizkaria 

Betiko Ikastolaren webgunea  www.betikoikastola.eus

Betiko ikastolekin harremanetan jartzeko  Telefonoa  94.464.23.64  e-posta  info@betikoikastola.eus

Ikastolen Elkartearen matrikula kanpainaren bideoa

Betiko Ikastolaren “Gure ametsetako ikasola” bideoa

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude