Azken berriak

“Interinoen Dekretua baliozkotzeak ez du suposatuko euskal administrazioetako behin-behineko langileen lanpostuak kontsolidatzea”, dio LABek

“Espainiako Diputatuen Kongresuan onartu den araua Euskal Herrian zuzenean inposatuko da eta milaka langileen egoera kolokan jarriko du; urteetan zerbitzu publikoak aurrera atera dituzten langileen egoera, hain zuzen ere”, adierazi du LAB sindikatuak.

Hasiera batean dekretua bertan behera geldituko zela bazirudien ere, Gobernuak egindako azken orduko mugimendu batzuen ondorioz aurrera jarraitzen du administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko gobernuaren egitasmoak. Jatorrizko proposamenean txertatuko diren berrikuntzak “guztiz partzialak dira, eta ez dute inolaz ere bitarteko langileek bizi duten egoera sakonean aldatzen”. LABek gaineratu duenez, “milaka langilerentzat berebiziko garrantzia duen gaia Kongresuko pasiloetan modu horretan amaitzea etsigarria da erabat. Gainera, lege prozedura batekin jarraitzea adostu da; horrek esan nahi du alderdien arteko negoziazioak ez direla gaur amaitu”

Horren haritik, LABek  EAJren iritzi aldaketa “onartezina” dela uste du. Euskal gehiengo sindikal zabalak garbi adierazi du arau honekiko bere kontrakotasuna, eta “adostu diren berrikuntzek ez dute egiturazko aldaketarik suposatzen”. Era berean, LABek EH Bilduri eskerrak eman dizkio “dekretu honen tramitazioan erakutsi duen koherentziarengatik”.

LAB aspaldi esaten ari da “bitarteko langileen egonkortasuna ez dela ez Madrilen ez epaitegietan lortuko”. Horregatik, helburu hori lortzeko “mobilizazioetan tinko jarraitu behar dugu, baita negoziazio kolektiboa bultzatzen ere. Kontsolidazio prozesu hauek aurrera eramateko marko propio bat sortu egin behar dugu, eta proposamen horrekin aurrera jarraituko dugu. Ezinbestekoa da tresna legal ezberdinak arautzea, ondoren negoziazio kolektiboaren bidez eremu bakoitzean prozesu hauek adostu daitezen”, LABen ustez.

Espainiako Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek “ez zuten, akordioa erdietsi zutenean, euskal langile publikoen egoera kontutan hartu. Tamalez, Espainiako Diputatuen Kongresuko gehiengo batek bide berdina jarraitu du”, LABen ustetan. Horren aurrean, LABek “kontsolidazio prozesuak egiteko lege propioak aldarrikatzen jarraituko du, behin-behineko langile publikoen egonkortasuna gure lehentasuna delako. Zerbitzu publikoen defentsan eta pribatizazioaren aurrean tinko jarraitu behar dugulako, hain zuzen ere”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com