Jesús Ibarluzea Maurolagoitia: “Hiriaren diseinual gure osasuna hobetu dezake”

Jesús Ibarluzea Maurolagoitia Biologoa, Psikologoa, Ingurumen osasuneko Masterra eta Osasun Publikoko Doktorea. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko teknikaria, Ingurumen Epidemiologiari eta Haur Garapenari buruzko ikerketa-taldeko zuzendaria eta Epidemiologia eta Osasun Publikoaren arloko arduraduna da Biodonostian; UPV/EHUko ikertzaile laguntzailea eta CIBERESP 28 taldeko ikertzaile nagusia ere bada (Carlos III Ikerketa Institutua). ‘Dime dónde vives y te diré a qué te expones. Los efectos en salud de los factores ambientales’ ikastaroa zuzendu berri du Donostian UPV/EHUko Udako Ikastaroen baitan.

Ia inork ez du zalantzan jartzen herritarren osasunaren eta bizi den ingurunearen arteko harremana, baina, era berean, ez ditugu ezagutzen ingurumen-faktoreek giza osasunean eragiten dituzten ondorioak. Bizi garen ingurumen-baldintzek zenbateraino eragiten diote gure osasunari?

Hainbat azterketa egin ziren joan den mendearen erdialdean, eta egiaztatu zuten ingurumen-faktoreak direla munduko morbilitatearen eta hilkortasunaren % 25 inguru eragiten dutenak. Ingurumen-faktoreen ehuneko hori txikiagoa da herrialde garatuenetan, eta handiagoa garapen-bidean dauden herrialdeetan. Gainera, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) arrisku-faktore desberdinei buruz egiten dituen azterketek diote ingurumen-faktoreak direla osasunean eragiten duten arrazoi nagusienetakoak.

Zein dira gure osasunean eragina duten ingurumen-faktoreak?

Gaixotasunetan eta osasunean eragiten duten ingurumen-faktoreak aldatuz doaz denboran zehar. Gaur egun, Euskadi bezalako herrialde garatu batean, ingurumen-faktoreak hauek dira: kontsumitzen dugun edo dutxatzeko erabiltzen dugun uraren kalitatearekin zerikusia dutenak, airearen kalitatearekin zerikusia dutenak bai kanpoko airearekin (batez ere trafikotik, industriatik eta abarretatik datozen kutsatzaile atmosferiko tradizionalak) zein barruko airearekin (eraikuntzarako erabiltzen diren materialetatik, pinturetatik, bernizetatik edo gainazalak garbitzeko zein norberaren garbitasunerako erabiltzen ditugun produktuetatik datozen kutsatzaileak), lurzoruaren kutsadura…

Eta, gero, merkatuan dauden milaka substantzia kimiko daude; asko erabiltzen dira industrian nahiz ehungintzan, materialetan, produktu higienikoetan… Horiek guztiak dietaren bidez, erabiltzen ditugun krema, xaboi eta abarren bidez jasotzen ditugu. Oso kantitate txikitan iristen zaizkigu, baina substantzia askoren eraginpean gaude.

Substantzia kimikoen artean, gaur egun, talde garrantzitsu bat disruptore endokrinoak dira. Osasunaren Mundu Erakundeak berak (OME) aztertu beharreko elementutzat jotzen ditu, alegia, ondorioak sortzen dituzten ala ez jakin, zer ondorio sortzen dituzten ikusi eta prebentzioaren ikuspegitik horiei nola aurre egin aztertu. Bai osasun publikoan, bai ingurumenekoan, ezagutza funtsezkoa arazoari aurre hartzen saiatzeko.

Disruptore endokrinoak talde garrantzitsu bat dira gaur egun, eta lehentasuna dute nazioartean ere…

Bai, hala da. Ez dira bakarrak, baina disruptoreen eragina garrantzitsua da, espeziearen biziraupenarekin zerikusi handia duelako, neurriz kanpo esanda. Disruptore endokrinoa hormona gisa jokatzen duen substantzia da; beraz, organismoan hormona-oreka hausteko gai izan daiteke, eta hormona-oreka funtsezkoa da edozein organismoren fisiologian, biziraupenean eta garapenean. Hormona gisa jokatzen duten substantzia horiek organismo baten sexu-bereizketan jardun dezakete, nerabezaroan, ugalkortasunean, espermatozoideen kalitatean eta kantitatean…

Zein dira ingurumen-faktoreek eragiten dituzten osasun-arazoak?

Ingurumen-faktore biologikoak, mikrobiologikoak, kimikoak, fisikoak eta ingurunekoak daudenez, ia era guztietako patologiekin lotzen dira. Disruptore endokrinoak, adibidez, arrisku-faktore bat izan daitezke hormona-mendekotasuna duten minbizientzat, hala nola bularreko minbizia edo barrabiletako edo prostatako minbizia. Baina ingurumen-faktoreek, oro har, gaixotasun kardiobaskularrak, diabetea, azaleko gaixotasunak, arnasketa-gaixotasunak, haurren garapen neuropsikologikoaren alterazioak… eragin ditzakete. Zenbait azterlanen arabera, haurdunaldian ere, ama ingurumeneko faktore arriskutsuen eraginpean egoteak aldaketak eragin ditzake semearen edo alabaren garapen neuropsikologikoan. Hala ere, esango genuke ez dutela hainbeste gaixotasun infekzioso eragiten. Izan ere, elikagaien eta uraren bidez kutsatutako gaixotasun infekziosoak asko murriztu dira ura tratatzeko teknologiak hobetu direlako, elikagaien manipulazioa eta hotz-kateak hobetu direlako, etab.

Nola zaindu dezakegu osasuna ingurumen-faktore horien aurrean?

Elementu nagusia ezagutza da. Osasunerako arrisku handia, txikia edo onargarria zer den eta elementu bakoitza zein patologiarekin lotzen den jakitea. Lehen esan dudan bezala, gure estrategia nagusia prebentzioa da, esposizio horiek ez gertatzea, eta gertatzen badira eta narriadura edo gaixotasuna gertatzeko adinako maila badute, ez baitu zertan hala izan, tratamendu klinikoa jasotzea. Baina, berriro diot, saiatu behar dugu arrisku-faktore horiek ez metatzen, ez dezaten gaixotasunik edo asaldurarik eragin.


«Estrategia nagusia prebentzioa da»


Profesionalak eta herritarrak ezagutu, informatu eta gai jakin batzuk egin ez daitezen bultzatu edo behartzea, edo substantzia jakin batzuk ez erabiltzea aholkatzea. Estrategia asko daude. Hitz egiten ari garenaren adibide argia dugu: tabakoa. Tabakoa izan da eta seguru asko izaten jarraitzen du gure gizarteko arrisku-faktore nagusietako bat. Ezagutzaz eta jarrera aldatzeko norberaren erabakiaz gain, tabakoaren prezioa garestitzea eta espazio publiko guztietan tabakoa kontsumitzea debekatzea izan dira tabakoaren kontsumoa hobetzeko edo, gutxienez, murrizteko funtsezko elementuak.

Ingurumen-faktore gehiago ere badaude…

Bai, hiria bera, adibidez, ingurumeneko esposizioak moteldu edo areagotu ditzakeen faktorea da. Gainazal berde eta urdinek, hala nola itsasoak, ibaiek eta aintzirek, osasunari mesede egin diezaiokete, beste ingurumen-esposizio batzuk murrizten dituztelako, hala nola zarata edo atmosferaren kutsadura, pertsonen arteko lotura eta sozializazioa hobetzen dutelako; aldi berean, gaixotasun mentalen agerpena prebeni dezakete, hala nola antsietatea, depresioa eta abar.

Udako Ikastaroa zuk moderatutako mahai-inguru batekin amaitu zen: Efectos de la ciudad y el contexto social en la salud humana. Gaur egun, biztanleriaren gehiengoa hirietan bizi da. Nolakoa izan behar luke osasunarekin bizitzeko hiri batek?

Hiri bat ez da azalera batean eraikitako elementu bat soilik; hirigintza-eraikuntza, bertan bizi den biztanleria, kultura, uste politikoak, baldintza sozioekonomikoak… barne hartzen duen elementua da. Osagai arkitektonikoak eta hirikoak ez ezik, osagai biologikoak, sozialak, kulturalak eta antropologikoak ere baditu. Beraz, osasungarria izateko testuinguru onena ez da berdin-berdina ingurune batean edo bestean.

Ingurune berde edo urdinetatik hurbil bizitzeak (itsasoa, ibaiak, lakuak…) estresaren aurkako elementu gisa jardun dezake, nahi ez diren ingurumen-esposizioen erregulatzaile gisa, funtzio kognitiboen zaharberritzaile gisa, edo naturako elementuekin kontaktuan egoteko espazio gisa. Horrek esan nahi du hiriaren diseinuak gure osasuna hobetu dezakeela. Oinez ibiltzeko aukera handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, inguru berde eta urdin gehiago edo gutxiago egon daitezke, ariketa fisikoa egiteko erraztasunak eskain ditzake, gure motibazioa errazten duten elementuak izan ditzake…

Zer da hiri osasungarria?

Osasunaren arloan eragin handia duten jardueren bidez, esate baterako, hirigintza-planteamenduaren, airearen kalitatearen, etxebizitzaren, hezkuntzaren, ekitatearen… bidez, osasuna sustatzen duen hiria da hiri osasungarria. Hiri osasuntsu batek, gizabanakoak ez ezik, kolektibo osoa garatzea ahalbidetuko duen hiria izan behar du.


«Osasuna sustatzen duen hiria da hiri osasungarria»


Covid-19 konfinamendu-aldia adibide argia da. Ez al zen hobeto sentitzen lorategi edo terraza bat zuena? Ez al zen hobeto sentitzen bere leihoek berdeguneetara ematen zutena eta ez barneko patioetara ematen zutena? Garapen pertsonala eta kolektiboa sustatzen duen eta osasunarekin konprometitzen den espazioa izan behar du hiriak.

Zer osasun dute gure hiriek?

Gasteiz nazioartean ezaguna den hiri osasungarria da. Hiri eredugarria, bere hirigintza-alderdiengatik, ingurune berdeengatik eta abarrengatik. Gasteiz da, zalantzarik gabe, berdegune gehien eta ingurumen-kalitate onena dituen hiria. Seguruenik, Donostia itsasertzean egoteagatik, tamainagatik eta garbitasunagatik tarteko posizioan egongo litzateke. Eta, azkenik, Bilbo bere tamainagatik, bere dentsitateagatik eta bere historia industrialagati. Hiri-inguruneko arazoak eta kutsadura ez dira hirietan bakarrik sortzen, bitxia da, baina Euskadiko herri gehienetan bezala, dena kilometro berean dago nahastuta: errepideak, industria, berdeguneak, etxebizitzak eta parkeak… Gure ingurunea konplexua da.

Elkarrizketa UPV/EHUren Campusa aldizkari digitaletik hartu da.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude