Katalunyako procés-aren epaia :: Konzentrazioa deitu dute gaur 20:00etan Bulebarrean

Bederatzi eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak betetzera kondenatu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak, 2017an burutu zen kontsultagatik.

Iragarri bezala, Kataluniaz gain, Euskal Herrian mobilizazioak deitu dira epaia onartu bezain pronto. Gure Esku herri ekimenak mobilizazioak deitu ditu gaur arratsalderako herrietan, “Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna” lelopean. Leioan, 20:00etan burutuko da, Iparragirre Zeharkaleko Bulebarrean. Deitzaileek mobilizazio zaratatsua izateko tresnekin bertaratzeko ere deitu dute, “guztionak diren eskubide zibil, politiko eta kolektiboen kriminalizazio hau onartezina baita”. Horregatik “kalean salatu behar dugu” eta “gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea defendatu”, adierazi dute.

“Beldurturik eta etsirik nahi gaituzte, baina oker daude”, zabaldu du sare sozialetan Gure Eskuk. Eta “gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeko bidean ez dugu atzera egingo” esanez bukatu du bere mezua.

Bide batez, gaurko mobilizazioez gain, datorren larunbatean Donostian manifestazio nazionala egingo dela iragarri du Gure Esku herri ekimenak.

Erreakzio ugari Euskal Herrian

Epaia ofizialki ezagutu ondoren azkar ezagutu dira eragile sozial, sindikal eta politiko ezberdinen erreakzioak.

Eremu sindikalean, euskal sindikatuek laster salatu dute Epaitegi Gorenaren epaia. LAB sindiaktuak Catalunyaren herriaren alde mobilizatzera eta, bide batez, “Estatu espainiarraren izaera antidemokratikoa agerian uzten duen epaia” salatzera deitu du. ELA sindikatuak, bere aldetik, “erabat arbuiatzen duela lider independentista katalanei zigor latzak ezarri dizkien Gorenaren epaia” adierazi du, eta arratsaldeko mobilizazioetan parte hartzera ere deitu du.

Beste eremu batetan, EH Bilduren Mahai Politikoa agerraldia egin du eguerdi aldera Epaitegi Gorenaren epairen bere irakurketa ezagutarazteko. Agerraldi oso hemen ikus daiteke. Bere Mahai Politikoak “78ko Erregimenak pairatzen duen krisi politiko, ekonomiko eta lurralde arlokoari errepresio eta autoritarismo bidez erantzuteko Estatuko botereek hartutako erabakiaren logikaren barruan sartu behar dela epai hau” dio. “Horren barruan sartzen dira askatasunen murrizketa, gure eskubide nazional eta sozialen urraketa, printzipio demokratikoekiko mespretxua, eta gure nahi nazional, errepublikar, subiranista eta progresistak erreprimitzeko mehatxua eta bortxa etengabe erabiltzea”, bere ustetan, “benetako Kontrareforma bat martxan jartzea erabaki baitute Erregimen hori salbatzeko”. Bestalde, egunotarako deitutako mobilizazioertan parte hartzeko deia zabaldu du.

Podemos Euskadik ere adierazi du epaiak “bidegabea dela”, eta “aurrekari juridiko oso arriskutsua ezartzen dela deritzo, desobedientzia zibila eta manifestaziorako eta adierazpen askatasunerako eskubideak kriminalizatzen dituena, sedizio delituekin lotzean, eta Kataluniako gatazka konponbidean ezer ez konpontzen duena”. Lander Martínez-en agerraldiaren zati bat, esteka honetan ikus daiteke.

Espainiar ordezkari politikoek ere ezagutarazi dituzte euren balorazioak. PP-ren lehendakari Pablo Casadok adierazi du epaiarekin “egiten duenak ordaintzen duela” agerian geratu dela. Pedro Sánchezek (Espainiako Gobernuko presidentea funtzioetan -PSOE-), bere aldetik, prentsaurrekoan esan duenez, “epaiari men egitea bere osotasunean betetzea esan nahi du”.

Iñigo Urkullu lehendakariak, bere aldetik, “giza hurbiltasuna eta elkartasuna” adierazi die espetxean dauden pertsonei. Esan duenez, “ziur naiz ez zutenaz kalterik sortu nahi” eta ondorioztatu du “politikaren judializazioak emaitza negatiboak” ekartzen dituela. Era berean, “trenen arteko talka ekiditeko” beste estrategia bat ezinbestekotzat jo du, elkarrizketaren eta akordioaren aldeko apustua eginez.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude