Kurkudi mendiaren aldeko II. Martxa Bulebarrean hasi eta San Bartolomé auzoan bukatuko da

SOS KURKUDI! Plataformak antolatu duen II. Martxa Iparragirre Zeharkaleko Bulebarretik abituko da goizeko 11:30ean I Bukaera San Bartolome auzoan izango da, 13:30ean I Oraingoan ibilbide berria egingo da

SOS Kurkudi plataformak Leioako herri osoa gonbidatu du datorren igandean, ekainaren 6an, herriko erdigunea eta San Bartolome auzoa lotuko dituen martxan parte hartzera. Hasiera Bulebarrean izango da, goizeko 11:30ean eta bukaera San Bartolomé plazan, 13:30ak aldera. Martxa, Bulebarretik Udaletxe aldera abiatuko da, Sarrienara heltzeko. Handik San Bartolomé auzorantz abiatuko da, ibilaldiaren amaiera auzo horretako plazan egiteko 13:30ak aldean, musikarekin eta marrazki lehiaketaren sari banaketarekin.

Martxaren helburua bikoitza da. Alde batetik, Leioako bizilagunei plataformaren aldarrikapenaren berri ematea; hau da, babes bereziko urbanizaezin gisa katalogatutako espazio hori defendatzea, mendiaren goiko aldean eraikuntza masiboko proiektu baten (25.000m ²) mehatxuaren aurrean. Bigarrenik, Kurkudi honen magalean dauden natura-aberastasuna eta landa-ingurunea erakustea, baita bertako paisaiaren edertasuna ere.

Ibilaldiaren irteerako eta helmugako puntuetan, plataformaren logotipoa duten kamisetak eta poltsak jarriko dituzte salgai.

SOS Kurkudik gomendatutako osasun-neurri guztiak beteteko direla bermatuko du, eta ingurune naturala errespetatzen duen hirigintza iraunkorra posible dela uste duten familia eta pertsonen parte-hartzea espero du.

Kurkudi mendiko lurrak urbanizaezinak izaten jarraitzeko eta gaur egungo babesa mantentzeko aurreko abenduan antolatu zuten lehenengo Martxan esan zuten legez, SOS Kurkudik dio “gure mendia defendatzeko tribu oso behar da”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude