LABek aldaketa sozialak eta burujabetza hauspotzeko deitu nahi du Greba Orokorrak, bizitza duina helburu

LAB sindikatuaren Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak kurtso hasiera markatzen ari diren aktualitateko gai nabarmenen irakurketa egin berri du. Hala, besteak beste, bizitza erdigunean kokatuko duen eredu berri baterako trantsizioa egin behar dela nabarmendu du, eta LABek trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatzen duela berretsi. “Datozen hilabeteetan, estatuaren lurralde-ereduaren krisiak eta hura bideratzeko beharrak agenda politikoan zentralitatea hartuko duela dirudi. Gure lana izango da borroka politiko horretan langileen interesak bermatzea. Funtsezko gaietan, hala nola enpleguan, pentsioetan edo gizarte-babesean, eskumenak eta legegintza-gaitasuna behar izatea eskatuko dugu”, adierazi du.

Greba Orokor baten beharra planteatu du berriro kurtso honetarako: “Langileok kalean gaude aldaketak bultzatzen eta haien alde borrokatzen. Maiatzaren Lehenean, LABek mahai gainean jarri zuen urrats berriak eman behar zirela ziklo mobilizatzaile horretan, eta adierazi zuen egoerak beste Greba Orokor bati buruzko eztabaida irekitzea eskatzen zuela. Hilabete batzuk geroago, gero eta gehiago dira ideia horrekin bat egiten duten ahotsak. Dagoeneko gehiengo sindikala gara grebaren beharrarekin bat egiten dugunak, pentsiodunak ere zentzu berean azaldu dira”, azaldu du.

Greba Orokorraren helburuak

Greba Orokor horrek lantokietan eta kalean ematen ari diren borroka sindikalak eta sozialak bultzatzeko eta bateratzeko balio beharko luke, LABen iritziz. Horrela, sindikatu abertzalearen arabera Greba hori ofentsiban planteatu beharko litzateke, patronalari aurre egiteko eta “argi uzteko ez dugula onartuko prekarietatea ezartzen jarraitzea, lantolietan enplegu duinaren alde borrokatzen jarraituko dugula argi izan dezan”.

Era berean, Madrilgo Gobernua presionatzeko balio beharko luke “lan eta pentsio erreformak bertan behera uzteko eta murrizketa gehiago ez ezartzeko”. Bide beretik, Gobernu autonomikoak ere interpelatu beharko lituzke, “itunaren eta hitzarmenaren aurkerak erabil ditzaten  fiskalitatearen arloan bira emateko, zerbitzu publikoak indartzeko eta bestelako politika publikoak bultzatzeko”. Azkenik, Aranbururen esanetan, “burujabetza eta esparru propioa edukiz betetzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko balio beharko luke” Greb Orokor deialdi berriak.

LABen idazkari orokorrak Madrilen irekita dagoen Elkarrizketa Sozialaren mahaiari buruz ere hitz egin du. Lan harremanei dagokienez, azken urteetan erreformaz erreforma, prekarietatea legeztatu egin dela aipatu du, negoziazio kolektiboa zentralizatu eta ahultzearen aldeko aukera egin dela eta ia erabateko boterea eman zaiela enpresei, nahieran ari daitezen. “Ez dago inolako orekariz”, adierazi du.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “eraldaketa handi baten premia dago. Lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira, zaintza barne. Horretarako, bertan behera utzi behar dira 2010 eta 2012ko lan erreformak”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude