Azken berriak

LABek salaketa jarri du Basurtu eta Santa Marinako kudeatzaileen aurka, txertaketa irregularra egiteagatik

LAB sindikatuak salaketa aurkeztu du epaitegietan Santa Marina Ospitaleko eta Bilbo-Basurtu ESIko gerente ohiek egindako txertaketa irregularraren harira. Sindikatuaren ustez, gertaera horrek, oraingoz bi kargu horietara mugatuta dagoena baina txertaketa irregularreko beste kasu batzuei buruzko informazioa ezagutzen den heinean zabaldu dezakeena LABek, erantzukizun pertsonalak eta politikoak ez ezik, penalak ere badakartza.

Zehatzago esanda, eta aurkeztutako salaketan adierazten duten bezala, honako delituen aurrean egon gintezkeela uste du LABek: Ondasun publikoen administrazio desleiala, bidegabeko jabetza, langileen eskubideen aurkako ekimena, prebarikazioa, eragin-trafikoa, bidegabeko erabiltzea eta funtzionario-eroskeria pasibo desegokia.

Adierazi dutenez, “lan-eskaintza publikoko azterketetako filtrazioen esperientzia ikusita, ez dugu inolako konfidantzarik Osakidetzak edo Osasun Sailak egin ditzaketen barne-ikerketetan. Horregatik, iruzurrezko lan-eskaintza publikoekin egin dugun bezala, justiziara jo beharra ikusi dugu gertatutakoa argitzeko eta era guztietako erantzukizunak argitzeko modu bakar gisa”.

Dimisioetatik haratago joatea eskatu du LABek

Zentzu horretan, LABek dimisioetatik haratago joatea eskatu du. Ikerketa inpartzial bat eskatu du sindikatuak, “gertaerak nola gertatu diren argitzeko, mota guztietako erantzukizunak argitzeko eta praktika hori beste ESI batzuetan gertatu den eta hori egin behar ez zuten pertsonak txertatu diren argitzeko, beren boterea edo kargua baliatuta”. LABek dioenez “euren ekimenaz COVIDen aurko lehenengo lerroan aritzen diren langileak kaltetu dituzte, kontuan hartuta gaur egun dagoen txerto eskasia”.

Sindikatuak  uste du “gaur egun, inoiz baino nabarmenago geratzen dela Osakidetza goitik behera demokratizatzeko eta gure osasun-sistema publikoaz eta milaka langileen osasunaz benetan arduratuko diren buruzagitzez hornitzeko premia larria” dagoela. “Buruzagi eta arduradun ez-ustelak, protokoloak eta araudiak alde batera utzi gabe beren probetxurako jokatzen ez dutenak, eta orain arte ezagutu dugun zigorgabetasunarekin jardungo ez duten buruzagitzak, alegia”.

LABek, EPEen kasuan herri-akusazio gisa egiten ari diren bezala, honetan ere azken ondorioetaraino joateko asmoa du, “delituzkoak izan daitezkeen jarduera irregular eta ustel horien guztien salaketan”.

Gaur goizean, ETBko Egun on Euskadi saioan, sindikatu horren idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk Osakidetzako EPEarekin izandako irregulartasunak ekarri ditu gogora, eta hala, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritzarekiko mesfidati egoteko arrazoiak badaudela esan du. Aranbururen esanetan, “sistema osoa dago auzitan, goi karguen antolaketa nola dagoen eraikita dago auzitan, eta argibideak nahi ditugu”. Iñigo Urkullu lehendakariaren azalpenei buruz, adierazi du, sakoneko egiturazko arazoan begirada jarri ordez, jo puntuan dauden Osakidetzako bi arduradun horietara mugatu duela kritika, erantzukizun politikorik onartu gabe.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com