Langabeziak berriro egin du gora abuztuan, 2.438 langabeturekin

Enpleguak berriro ere izan du atzerakada Hego Euskal Herrian. Langabezian 2.438 pertsona gehiago daude, hau da, %1,6ko igoera eman da abuztuan. Abuztuko zifrek kontrako joera erakutsi dute Nafarroan eta EAEn. Azken honetan 3.058 pertsona gehiago daude lanik gabe, eta Nafarroan, berriz, seigarren hilabetez jaitsi da langabezia, oraingoan 620 langabetu gutxiagorekin.

Urte arteko datuei erreparatuz, langabeziak beherantz egin du 2020rekin alderatuta, baina iazko urtea enpleguari begira oso txarra izan zela kontuan izanik hori ez da pozik egoteko motiboa. 2019ko datuekin alderatuz ordea langabezia %6,22 altuagoa daukagu eta gazteena da muturreraino igo den langabezia %22,62ko igoerarekin.

Hala, langabezia-tasa orokorra %11,7ko tasara igo da, beste behin ere, Europako eta inguruko herrialdeetako batez bestekoaren oso gainetik. Datu absolutuetan, 156.313 pertsona daude langabezian Hego Euskal Herrian, eta bi herenek ez du inolako langabezia-prestaziorik jasotzen. Prestazioaren batez bestekoa 863,9 eurokoa izan zen EAEn, eta 902,1 eurokoa Nafarroan; kopuru horiek nabarmen murriztu dira maiatzetik.

Bestalde, abuztuan egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berberak izaten jarraitzen dute: prekarioak eta aldi baterakoak dira. Behin-behineko kontratuen kopurua oso handia izaten jarraitzen du, abuztuan sinatutako kontratuen ia %94 izan baitira mota horretakoak. Gainera, kontratazio mugagabeak %12,5 egin du behera, 2019ko datuekin alderatuta.

Estatuko babes-sistemak ematen duen estaldura-maila hain txikia izatearen arrazoien artean sistemaren ahulezia bera eta gurea bezalako lan-merkatu prekarioaren errealitatera egokitzeko ezintasuna aurkitzen dira. Gainera, pandemiaren ondorioz gora egin du iraupen luzeko langabeziak, izan ere, egoera horretan daude langabeen erdia baino gehiago.

LABen eseraldia enplegu galera salatzeko I Argazkia: LAB sindikatua

Mobilizazioen beharra aldarrikatu dute euskal sindikatuek

Langabeziaren hazkunde honen harira, ELA sindikatuak adieraz duenez, “ezinbestekoa da mobilizazioa, lan-prekarietatearekin amaituko duten eta sektore publikoan zein pribatuan lan-baldintzak duinduko dituzten neurrien alde borrokatzeko. Horrenbestez, ezinbestekoa da lan-erreforma indargabetzea, bai eta administrazioek inbertsio handiagoa egitea ere, besteak beste, behinbehinekotasun handiarekin amaitzeko.

Bestalde, LAB sindikatuak “Euskal Herriko langileriak kalitatezko enplegu nahikoa eta babes sistema behar du premiaz, eta ez Espainiako Gobernua, ez Eusko Jaurlaritza eta ezta Nafarroako Gobernua ere ez dira gai jendartearen beharrei erantzuteko” adierazi du. LABek uste duenez, “lan erreformaren indargabetzea behar dugu, pentsio sistemaren erreforma atzerakoiak alde batera utzi eta burujabetzan sakonduz lan kode eta gizarte segurantzako lege propioaren garapenean urratsak eman”.

Urrats horiek emateko, baina, mobilizatzeko beharra aldarrikatu du LABek ere. “Langileriak kaleak hartzea ezinbesteko baldintza izango baita geure beharrizanak agenda politikoaren erdigunean kokatzeko”, sindikatu abertzalearen arabera.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude