Leioako txikiek UdaLeioan kanpaina berriaz gozatuko dute

Udalak antolatutako Udatxiki eta Uda20ko udalekuak egitea ezinezkotzat jo du Gobernu taldeak, COVID19k sortutako egoera dela eta. Orain arte, Udalak aurtengo duan umeei eta gaztetxoei begirako udalekurik ez eskaintzea erabakita bazuen ere, orainstu jakinarazi du aukera berria eskainiko duela uztailean familia leioaztarren kontziliazioan laguntzeko. UdaLeioan-ek haurrentzako jarduerak eskainiko ditu herriko ikastetxe publikoetan goizez (9: 00etatik 14: 00etara) 3 eta 13 urte bitarteko txikientzat.

Izena emateko epea ekainaren 22an, astelehenean, hasi eta 25ean amaituko da. Ahal dela, posta elektronikoz egingo da (udaleioan@leioa.net), dagoen inprimakia betez, baina aurrez aurre ere egin ahal izango da Sakonetako kiroldegian (9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara).

Programa bi hamabostalditan banatuko da, uztailaren 1etik 15era eta 16tik 30era, haur gehiagok gozatu ahal izateko.

Instalazio bakoitzean bi adin-tarte egongo dira: 3 eta 6 urte bitarteko txikiena eta 7 eta 13 urte bitarteko nagusiena. Jarduerak Leioako ikastetxe publikoetan egingo dira (Altzaga, Lamiako, Artatza, Mendibile eta Txomin Aresti). Ikastetxe bakoitzak 3 eta 6 urte bitarteko 20 haur hartuko ditu (5 umeko taldeetan gela bakoitzeko), eta 7 eta 13 urte bitarteko 40 haur (10 umeko taldeetan gela bakoitzeko).

Zozketa ekainaren 26an egingo da, eta ondoren jakinarazpen bat bidaliko zaie posta elektronikoz plaza lortu duten familiei.

7 eta 13 urte bitarteko haurren tasa 44,56 eurokoa izango da hamabostaldiko, eta 3 eta 6 urte bitartekoena, berriz, 72 eurokoa.

Jarduerek osasun-agintariek emandako arau guztiak beteko dituzte. Hala ere, familiek haurren tenperatura hartu beharko dute ikastetxera joan aurretik. Sukarra edo COVID19rekin bateragarria den sintomaren bat izanez gero, ezin izango dira bertaratu eta koordinatzaileari jakinarazi beharko diote. Parte-hartzaileek maskara bana eraman beharko dute, 6 urtetik beherakoentzat izan ezik; haientzat ez da derrigorrezkoa maskara horiek erabiltzea.

Udalak aldez aurretik eskertzen du familien erantzukizuna eta lankidetza, jarduerak ahalik eta segurtasun handienarekin egin daitezen.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude