Maiatzaren 29an presoen aldeko azken ostiraleko ohiko elkarretaratzea egingo da

Etxerat elkarteak iragarri du datorren maiatzaren 29an azken ostiralaren herriz herriko mobilizazioak berriz ere egingo direla. “Etxeraten ohizko elkarretaratzeak, azken ostiralari dagozkionak, gauzatuko dira berriro ere herri guztietan”, adierazi du euskal preso politikoen senitarteko eta lagunen elkarteak.

Etxearet-ek dioenez “egungo egoerak eskatzen duen arduraz eta zuhurtziaz jokatzeko eskatzen dugu; hau da, osasuna lehenetsiz, norbera, gainerakoak eta Etxerat bera zaintzea izatea helburu”.

Horregatik, hainbat neurri hartzea proposatu du, besteak beste, elkarretaratzea burutzeko beharrezkoa den komunikazioa bidaltzea, pertsonen arteko 2 metroko distantzia bermatzea, maskarak eta eskularruak erabiltzea (pankarta daramatenek batez ere) eta komunikazioa bidaltzean erabiliko diren babes eta segurtasun neurrien zehaztapena egitea.

Etxerat-ek “modu gradualean kalean errekuperatzen ari diren mobilizazioak eta ekimenak eskertu eta babesten ditugula” ere adierazi du.

Mobilizazioen dinamika berreskuratzearen helburua “Espainia eta Frantziako gobernuak eta espetxe administrazioak salbuespenak behingoz alde batera uztea” eskatzea izango da, “gehiago itxaron gabe, gaixo dauden presoak eta 65 urtetik gorakoak askatuz eta euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira ekarriz, orain arte egin ez badute ere, krisiaren fase honetan posible eta ezinbestekoa delako”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude