Ongizate emozionaleko tailerrak izango dira udaberrian

Ongizate Emozionala lantzeko tailerrak jarriko dira martxan udaberrian, apiriletik ekainera. Izena emateko epea gaur hasten da eta 15era arte izango da zabalik, udalhezkuntza@leioa.net helbidera idatziz. Kontutan izan behar da Leioan erroldatutako pertsonentzat zuzenduta dagoela eta hurrenkerak ezarriko duela lehentasuna plazak betetzeko.

Orain urtebete hasi ginen bizitzen pertsona guztientzat erabat ezezaguna den egoera, COVID-19ren pandemiaren ondorioz. Egoera honek oraindik era guztietako nahasmenduak eragiten ari da pertsonengan, antsietatea, estresa, depresioa… Horregatik Udal Hezkuntza sailak inoiz baino beharrezkoagoak ikusi ditu ongizate emozionaleko tailer horiek. Hauetan, baliabideak eta estrategiak eskaintzen zaizkie parte-hartzaileei, egoera emozional positiboak sortzen eta estresa eta antsietatea maneiatzen ikasteko.

Bi tailer eskainiko dira, bata aurreratua, aurretik egin dutenentzat; dagoeneko landutako estrategiak gogoratzea eta errepasatzea izango ditu helburu, baina baita berriak ezagutzea ere. Tailer aurreratua asteazkenero izango da, apirilaren 14tik ekainaren 2ra bitartean, 18:00etatik 20:30era. Oinarrizko tailerra, ostera, astearteetan, apirilaren 13tik ekainaren 1era, 18:00etatik 20:30era. Eta biak Mendibile Jauregian izango dira.

Plazak mugatuak dira, inoiz baino mugatuagoak; tailerreko 12 plaza, aretoko COVID edukieraren oso azpitik, arriskuak minimora murrizteko. Gainera, tailer osoan musukoa erabili beharko da, distantziari eutsi beharko zaio eta eskuak gel hidroalkoholikoaz higienizatu beharko dira sartzean eta tailerraren erdian.

Tailerra doakoa da, baina bertan parte hartzeko konpromisoaren dokumentu bat sinatzeko eskatuko da; izen-ematea formalizatutzat joko da sinatutako konpromisoa jasotzen den unean, eta konpromiso horiek iristen diren hurrenkerak ezarriko du lehentasuna plazak betetzeko.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude