Pandemiaren ondorioak gutxitzeko neurriak ezartzera preso politikoentzat deitu du Etxerat elkarteak

Euskal preso politikoen senideen Etxerat elkarteak, “munduko beste preso politikoen familiekin ere gogoratzen direla” adierazi du gaur, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean.

Senideek diotenez, pandemiak eragindako “ondorioek gure egoera okertu dute; gure senideak ez bisitatzearen mina ezagutzen dugu, haien osasunarekiko kezka, gaixotasunari aurre egiteko espetxeko baldintza txarrek ekar ditzaketen ondorioengatik beldurra”.

Egoera horren aurrean Etxeratek espetxetan “preso guztien osasuna babesteko helburua duten premiazko neurri eraginkorrak hartzea ezinbestekoa” dela ohartarazi du. “Gobernuek pandemiaren ondorioak gutxitzeko neurriak ezarri beharko dituzte preso politikoentzat ere”.

Euskal preso politikoak “dispertsatuta, urrunduta, haien izaera suntsitzeko sortutako salbuespen neurrien menpe, preso politkoentzat eginiko espetxe erregimenetan pandemiari aurre egitera behartuta daude gure senideak”, gogoratu du Etxeratek, “berez espetxeko edozein erregimen baino gizatasun gutxiagorekin, ankerragoa, eskubide urraketa gehiagorekin”.

Horregatik, egoera horri “aurre egiteko erarik onena lanean jarraitzea da, beti bezala” adierazi dute, “informatuz, ezagutaraziz, salatuz, lagunduz…”

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude