Sortuk datorren asteko igandean egingo du bere Kongresu Amaierako Batzarra

Independentzia prozesua ardatz izanda, Euskal Herriak hurrengo urteetan dituen erronkei heltzeko konpromisoa hartu du Sortuk

Sortuk bere III. Kongresuko itxiera-batzarra egingo du urtarrilaren 22n Bilboko Bizkaia Frontoian. Han bilduko dira Sortuko kideak, askapen-prozesua azkeneraino eramateko konpromisoan berresteko. Izan ere, Herrigaia ponentzia osatu eta eztabaidatzean, Sortuk herri hau independentziara eramango duen motorra zorrotz aztertu eta prest utzi du.

Hala, Kongresu Amaierako Batzar horretan jakitera emango dira besteak beste Nazio Kontseilu eta Nazio Idazkaritza berria osatuko duten kideak zein izango diren eta baita Berme Batzordea eta Kontu Batzordea zeintzuk osatuko duten ere. Urtarrilaren 19tik 21era bozkatuko dituzte guztiak telematikoki akreditatuek; batzarrean jakingo dira emaitzak.

Bestetik, Sorturen komunitatea elkartu eta Herrigaia ponentzian jasotako erronka nagusiak eta hurrengo urteetarako asmoak partekatzeko unea izango da. Kongresu prozesu honi amaiera emanda, aldaketa politiko eta sozialerako borroka indartzea izango da Sorturen helburua datozen hilabeteetan. Independentziarako indarra metatzea izango da xedea; batetik, aldaketa politiko eta soziala bilatzen duten eragileekin elkarlana eta aliantzak bilatuz; bestetik, herritarrekin batera mobilizazio eta ekimenetan aktibo izanez; eta azkenik, ezker abertzaleko kidegoa esparru ezberdinetan aktibo bilakatuz.

Independentzia prozesua ardatz izanda, Euskal Herriak hurrengo urteetan dituen erronkei heltzeko konpromisoa hartu du Sortuk: bizi baldintzak hobetzeko borrokan, trantsizio ekologiko justu baten aldeko borrokan, zaintzaren auzia erdigune politikoan jartzeko borrokan, euskalduntze fase berri bat irekitzeko borrokan, hezkuntza sistema burujabearen aldeko borrokan, Euskal Herria harrera herria izatearen aldeko borrokan eta burujabetzak praktikara eramaten dituzten proiektu eraldatzaileak behetik gora sustatzeko konpromisoa. Bakea eta elkarbizitza erdiesteko bidean, preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzeko borroka eta memoria osoaren aldeko borroka ere zentralak izango dira.

Praktika feminista garatzeko urrats berriak emateko erronka eskuartean

Kongresuaren fase ezberdinetan behin eta berriz esan bezala, Sortun praktika feminista garatzeko urrats berriak emateko erronka dute eskuartean. Duela lau urte Plan Feminista osatzeko eta martxan jartzeko konpromisoa hartu zuten. Hala egin dute, eta norabide horretan Kongresu hau baliatu nahi izan dute urrats kualitatiboak emateko. Batzarren konpromiso horrek bere isla izango du.

Bestetik, mugimendu internazionalistatzat du bere burua Sortu eta beraz, nazioarteko hainbat gonbidatu izango dituzte Kongresu Amaierako Batzarrean: Kataluniatik CUP eta ERC, Galiziatik BNG, Europatik PIEko presidentea, Irlandatik Sinn Féin, Kortsikatik Corsica Libera, Uruguaitik MPP, Kolonbiatik Comunes, Saharatik Frente Polisarioa eta Palestina eta Kurdistango ordezkariak.

Batzarrera bertaratzen diren kide guztien osasuna bermatzeko neurriak hartuko dira

Pandemia egoera dela eta, bertaratzen diren kide guztien osasuna bermatzeko neurriak hartuko ditu Sortuk. Zorrotz jardun du orain arte eta zorroztasun berarekin jardungo dugu urtarrilaren 22an, beharrezko neurri guztiak hartuta.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.